AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/05/29 08:55

Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa banatzeko sistema pribatu berria, Israelgo Estatuak eta Amerikako Estatu Batuek sortutako "Gazarako Fundazio Humanitarioaren" (GHF) bidez sustatua, banaketaren lehen egunean bertan blokeatu zen, kaosaren erdian. El País-ek eta Reuters-ek aipatutako iturrien arabera, milaka palestinar pilatu ziren atzo Rafahko banaketa-gune batean, eta haien aurka tiro egin zuten Israelgo Estatuko indar militarrek: 19 urteko palestinar bat erail zuten bertan sionistek, eta 50 bat zauritu zituzten tiroz, tartean haurrak.

Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziako (UNRWA) komisionatu nagusiak, Philippe Lazzarinik, "xahutze" eta "ankerkerien distrakzio" gisa deskribatu du Israelgo Estatuak banaketa humanitarioa egiteko hautatutako eredua, eta salatu du ez datorrela bat "oinarrizko printzipio humanitarioekin".

Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak, berriz, zibilen aurkako erasoak gelditzeko eta laguntza humanitarioa ez politizatzeko eta ez militarizatzeko eskatu dio estatu sionistari, azpimarratuz NBEren esku egon beharko lukeela banaketak, eta ez erakunde pribatuen esku. Gainera, Europako diplomaziaren buruak ahoz "gaitzetsi" ditu kolono sionistek Zisjordanian egindako erasoak, eta Israelgo Gobernuari eskatu dio kontuak emateko krimen horiengatik.

Bien bitartean, Israelgo Estatuak Gazan aurrera daraman erasoaldi genozidak krisi humanitarioa larriagotzen jarraitzen du. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 23 pertsona hil dituzte indar sionistek azken orduetan, eta 2023ko urrian areagotutako sarraskia hasi zenetik, 54.000 pertsona baino gehiago erail dituzte jadanik, horietatik heren bat adingabeak. Gazako osasun-sistema kolapsatuta dago: zerbitzutik kanpo daude 38 ospitaletatik 22, eta medikamentu eta material sanitario eskasia larria da.

EZ DAGO IRUZKINIK