Siderurgiako Arcelor Mittal enpresako zuzendaritzak Legasan (Nafarroa) daukan lantegiko ekoizpena eten nahi du, urtea amaitu aurretik. Izan ere, bertako ekoizpena Aguraingo (Araba) fabrikara lekualdatuko du, Legasan ekoizpenean jarduten duten 33 langileak kalean utziz. Zuzendaritzaren asmoa da, beraz, abendura bitartean ekoizpeneko plantilla pixkanaka kaleratzea; baina langileek ohartarazi dute beste sektore batzuei ere eragingo diela neurriak, hala nola, garbiketako beharginei. Horretaz gain, badirudi Agurainen bertan ere eragingo duela kaleratze kolektiboak, eta 40 bat izango liratekeela denera.
Bere helburuei irmo eusten die zuzendaritzak, baina tokialdaketaren eta kaleratzeen aurka mobilizatzen jarraitzen dute langileek. Hala, aurreko larunbatean, manifestazio bat egin zuten ehunka lagunek Legasatik Donezteberaino (Nafarroa), Arcelor Mittal AMDS Legasa ez itxi lelopean.
"Enplegua suntsitzeko Arcelorrek izandako estrategiaren baitan" kokatu du Legasako fabrikaren itxiera ELAk. Maiatzaren 28an egingo dute bosgarren bilera sindikatuek eta enpresa-zuzendaritzak, baina ELAko ordezkaritzak ohartarazi du enpresa ez dagoela "negoziatzeko prest"; eta enplegu-erregulazioko espedientea ezartzeko "kausak justifikatu gabe segitzen" duen arren, "tematuta" dagoela kaleratzeekin.