AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/09 08:51

Aurrera doa Bridgestone enpresak Basaurin (Bizkaia) eta Puente San Miguelen (Kantabria) ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko kontsulta-aldia. Duela gutxi jakinarazi zuten enpresako zuzendaritzak eskaintza berri bat egingo zuela, eta horren berri eman du jada. Proposamen berriak, baina, kaleratze masibo bat barne hartzen jarraitzen du. Orain arte 335 langile bidali nahi izan ditu kalera Basaurin eta 211 Puente San Miguelen, hau da, 546 guztira, baina kaleratuak 491 izatea proposatu du orain; 45 gutxiago Bizkaian eta hamar gutxiago Kantabrian.

Atzo izan zuten azken bilera zuzendaritzak eta sindikatuek, eta orduan eman zuen eskaintzaren berri enpresak. Kaleratze kopurua aldatu izana, ordea, bestelako neurri batzuekin batera doa: 57 urtetik gorako beharginek aurretiazko erretiroak hartzea bultzatuko du zuzendaritzak. 81 bat langile dira adin horretakoak, 45 Basaurin eta 26 Puente San Miguelen.

Aldi berean, kaltetutako langileei ordaindu beharreko kalte-ordainak zertxobait hobetu ditu: urteko 45 egunekoak izango lirateke, proposamen berriaren arabera. Horrekin, beharginek "borondatezko" bajak hartzea ere sustatu nahi du enpresak, horixe bera izango bailitzateke haiei ordainduko liekeen kalte-ordaina. Hurrengo astelehenean bilduko dira berriz negoziazio-mahaian.

Langileek, bitartean, kaleratzeen kontra borrokan jarraitzen dute, zuzendaritzari presioa egiteko. Atzo izan zuten beste lanuzte bat, eta bihar eta astelehenean ere grebara joko dute. Erantzuna izugarria izaten ari da plantillan: atzo, beste behin ere, %100ekoa izan zen jarraipena Basauriko fabrikan.

EZ DAGO IRUZKINIK