AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxebizitza Sindikatua
2021/01/30 22:37

Etxebizitza Sindikatuak deituta, manifestazio jendetsua izan zen atzo Gasteizko (Araba) kaleetan. Joan den asteartean Los Herran kaleko 15. ataria hustu eta hamabost pertsona etxegabetu zituzten polizia-indarrek, eta horren harira egin zuen deialdia Etxebizitza Sindikatuak.

19:00etan irtetekoa zen manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik eta, hasiera batean, Ertzaintzak ez zien plazatik ateratzen utzi manifestariei, horretarako "baimenik ez" zegoela argudiatuta. Mobilizazioaren jakinarazpena eginda zegoela adierazi zuten sindikatuko kideek eta, udaltzainak ere bertaratu ostean, azkenean aurrera egin zuten mobilizazioarekin.

Ehunka pertsona elkartu ziren protestarako deialdian, eta "etxegabetze guztiak gelditzea" exijitu zuten Arabako hiriburuko kaleetan. "Etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" ere aldarrikatu zuten. Irudiak ikusgai daude Etxebizitza Sindikatuaren Twitterreko hari honetan.

LARRIALDIA

Etxebizitza Sindikatuak aste honetan salatu du, gaur egun, "izugarria" dela "etxebizitza-larrialdi egoera" Gasteizen eta, hala ere, "etxegabetzeak gauzatzen ari direla oraindik". Agertoki horretan, agintari politikoek "egiten ez dutena esaten dute, eta esaten ez dutena egiten dute", sindikatuko kideen esanetan.

EZ DAGO IRUZKINIK