Jendarmeek Hazparneko gaztetxea hustu dute

Abuztuaren 21ean okupatu zuen Davidenea eraikina Hazparneko gazte asanbladak, hemezortzi urte beste eraikin batean egin eta handik kanporatuak izan ostean, Ttattola gaztetxeari jarraipena emateko. Gaur goizean hustu du gaztetxea Frantziako Poliziak.
Argazki Nagusia
Okupazioaren eguna, abuztuaren 21ean. Argazkia: Argia, @TtattolaKinkiGaztetxea-ren bidez
2021eko irailaren 13a

Goizeko 08:00ak baino lehen bertaratu dira jendarmeak Hazparneko (Lapurdi) Davidenea eraikina hustera, Euskal Irratiek jakinarazi dutenez. Ordubete baino gutxiago behar izan dute poliziek gaztetxea husteko, eta bi gazteri gaur arratsaldean komisaldegira joateko agindu diete.

Hazparneko gazteek abuztuaren 21ean okupatu zuten Davidenea eraikina, 2020ko urtarrilaren 31n gaztetxerik gabe geratu baitziren. Izan ere, hemezortzi urtez Hazparneko Ttattola gaztetxea izandakoa "indarrez" utzi behar izan zuten gazteek.

Gazte asanbladak abuztuaren 21ean okupatutako Davidenea eraikinak urteak zeramatzan hutsik, baina abuztuaren amaieran eraikina husteko agindua jaso zuten gazteek. Hala ere, bertan jarraitzeko hautua egin zuten, eta irailaren 4an manifestazio bat egin zuten, "Hazparnen gaztetxe bat aldarrikatzeko eta gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoa nahiz elkartzeko espazio eskasia salatzeko".


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik