Israelgo Estatuak eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak presoak trukatzeko akordio bat lortu dute, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri duenez. Egipton sinatzeke dagoen itunaren arabera, Hamasek bizirik dauden hogei preso "israeldar" askatuko ditu datozen 72 orduetan, eta Israelgo Gobernu sionistak, berriz, bere tropei aginduko omen die adostutako lerro bateraino erretira daitezela, galdera-ikurrez betetako su-eten bati hasiera emanez.
Akordioan jasotzen diren preso "israeldarren" eta palestinarren izenen zerrenda eman du jada Hamasek, haiek aske uztea modu mailakatuan eta nazioartearen ikuskaritzapean egingo delako itxaropenarekin. Benjamin Netanyahuren esanetan, agintaritza sionistak "bahitu guztiak etxera ekarriko ditu", eta Hamasek nazioarteko bermeak eskatzen ditu Israelgo Estatuaren kanpaina militar genozida erabat gelditzeko.
Sharm el-Sheikhen (Egipto) izan dira negoziazioak, eta hainbat herrialderen "bitartekaritza" izan dute, besteak beste, AEBena, Qatarrena, Turkiarena eta Egiptorena, Trumpen eta bere suhi Jared Kushnerren eragin politiko esanguratsuarekin. Aurrerapenak aurrerapen, oraindik eztabaidagarriak dira sionistek hain erraz amore emango ez duten gaiak, hala nola zigor luzeak dituzten palestinar preso politikoak askatzea eta erresistentzia palestinarreko liderren gorpuak itzultzea.
Akordio hau genozidio areagotuaren testuinguruan iritsi da, hau da, baieztatutako biktima gazatarrakĀ 67.200 inguru direnean eta baieztatu gabekoak beste hainbeste edo gehiago izan daitezkeenean; dozenaka edo ehunka mila gehiago, adituen kalkuluen arabera. Bi aldeek aurreratu dute planaren ezarpena inflexio-puntu bat izan daitekeela su-eten mugagabe baterako bidean, nahiz eta ziurgabetasunak ezkutuan jarraitzen duen.
Posible da Trumpek Ekialde Ertainera bidaiatzea
Trumpek esan du posible dela Ekialde Hurbilera bidaiatzea, teorian, akordioaren sinadura eta ezarpena ikuskatzeko. Baikor agertu da publikoki, eta "alde guztiek bidezko tratua" jasoko dutela azpimarratu du. Hala ere, Israelgo Gobernuak zehaztu du presentzia militarra mantenduko duela Gazako zati handi batean, eta akordioaren irismenaren inguruko barne-tentsioen erakusle izan daiteke hori.
Munduak arretaz begiratzen die berriei, milioika pertsonak Gazara laguntza humanitarioa berehala sar dadila eta genozidioa amai dadila exijitzen duten bitartean. Plana burutzen den eta eraginkortasunez aplikatzen den edo ez erabakigarria izango da Zerrendaren etorkizunari dagokionez, eskala handiko bi urteko sarraskiaren ondoren.