AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Pedro Sanchez (X)
2025/06/03 11:08

2024ko apirilean, Espainiako Gobernuak 207 milioi euroko kontratu bat sinatu zuen Rafael Advanced Defense Systems konpainiarekin, Israelgo Estatuko enpresa publiko bat. Eurofighter hegazkinetara bideratutako hornidura (POD laser designatzaileak) adosten zuten kontratu horretan, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean eta elDiario.es-ek aipatzen duen Estatuko Kontratazio Plataforman agertzen denez.

Espainiako Gobernuak sionistei egindako erosketa hori 2027ra arte dago indarrean, eta Segurtasun eta Defentsa Plan berriaren barruan sartzen da. Plan horrek gastu militarra Barne Produktu Godinaren %2ra arte handitzea aurreikusten du, NATOrekiko konpromisoei jarraikiz. Gainera, Centre Delàs ikerketa-zentroaren esanetan, Israelgo Estatuko Elbit enpresaren teknologiak barne har ditzakeen kontratu batzuk ere biltzen ditu planak.

Erositako materiala aire-erasoetan erabiltzen diren doitasun handiko punteria-sistemei dagokie, Eurofighter-en Halcon I eta Halcon II programetan integratuta daudenak. Espainiako Defentsa Ministerioak adierazi duenez, "Modernizazioko 31 programetako batean ere ez dago Israelgo teknologiarik", baina kontratuek eta dokumentazio ofizialak Rafael  identifikatzen dute esleipendun konpainia gisa, eta Israelgo Estatua hornitzaile gisa.

Enpresak berak dio "borrokan frogatutako" produktuak saltzen dituela, eta horrek esan nahi du Palestina okupatuan erabiltzen direla palestinarren kontra. Centre Delàs-ek dioenez, "enpresa horretara bideratutako diruak Israelgo Armadak bultzatutako legez kanpoko okupazio-sistema eta apartheid-sistema indartzen laguntzen du".

Bitartean, Espainiako Gobernuaren hitzontzikeria

Gobernuak erosketa horiek guztiak egiten dituen bitartean, nazioarteko foroetan Israelgo Estatuari buruz jarduten du etengabe. Pedro Sanchezek joan den maiatzean iragarri zuen Liga Arabiarrak Bagdaden egindako goi-bileran: "Espainiak ebazpen bat bultzatuko du Nazio Batuen Erakundean, Nazioarteko Justizia Gorteak Israeli eska diezaion Gazan laguntza humanitarioa eskuratzearen inguruan dituen nazioarteko zereginak bete ditzala". Horrez gain, Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Gortean hasitako prozedurarekin bat egin du Espainiako Estatuak, iritzita Gazan urratzen ari dela genozidioari buruz NBEk egindako konbentzioa.

Jarrera hori erakutsi arren, Espainiako Defentsa Ministerioak sionistekin egindako kontratu horien jarraipena defendatu du publikoki, "ezinbestekoak" edo "ordezkaezinak" direla esanez; 500 erakundek baino gehiagok, berriz, Israelgo Estatuari armak osorik enbargatzea eskatzen dute. Diputatuen Kongresua horri lotutako lege-proposamen bat izapidetzen ari da, nahiz eta Sanchezen Ministroen Kontseiluak enbargo hori dekretuz aplika dezakeen berez, nahi izanez gero.

EZ DAGO IRUZKINIK