Aste honetan bete dira 77 urte palestinarrek Nakba ("hondamendia") deiturikoa jasan zutenetik, eta, urteurrenaren harira, Iruñean (Nafarroa) mobilizatzeko deia egin zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Gaur izan da Palestinaren askatasunaren aldeko eta Israelgo Estatuaren kontrako manifestazioa, eta milaka pertsona bildu dira kalean, 12:30ean Golem Baionatik abiatu den mobilizazioan.
"Gogoratzeaz harago, Nakba pairatzen jarraitzen dute palestinarrek. Sionistek, ordea, autoizendatutako Israelgo Estatuaren sorrera ospatzen dute egunotan", salatu du manifestazioaren amaieran Palestinarekin Elkartasunak: "Guk Israelen desagerpena defendatzen dugu. Izan ere, hori da herri palestinarraren aldarri historikoak lortzeko aukera bakarra. Hori da errefuxiatuen itzulera-eskubidea, preso politikoen askapena eta Palestina osoaren deskolonizazioa lortzeko aukera bakarra. Palestinarren aldeko trintxeran gaudenon egitekoa da zapaltzailea eta zapaldua zein den argi bereiztea, ekidistantzia oro salatzea eta, determinazio osoz, palestinar erresistentzia babestea".
Plataformak azaldu du estatu sionistak "egunero ematen" duela "hori defendatzeko argudio bat gehiago". Azken gertakariei erreferentzia eginez, azpimarratu du Israelek "Gazaren kontrola hartzeko eta palestinarrak beste behin desplazatzeko asmoa" erakutsi duela, plan berri baten bidez, eta "Zisjordanian ere 1967ko gerraz geroztik izandako erasoaldi bortitzena" egiten ari dela. "Aldi berean Siria, Yemen eta Libano erasotzen jardun du azken asteetan", gaineratu dute: "Doakiela gure babesik beroena sionismoaren aurka erresistentzian dirauten horiei guztiei".
Sionisten konplizeak Mendebaldean
Israelgo Estatuak eraso kriminalei eusten dien arren, "nazioarteko komunitate delakoak ez du neurri eraginkorrik hartu", plataformaren esanetan: "Are gehiago, zuzen-zuzenean Israel indartuko duen armagintza-lehia betean sartuta daude estatu nagusiak. Israel indartuko dute Estatu Batuen eta Europaren berrarmatzeak Israel are gehiago armatzea esan nahi duelako, eta inbertsio armamentistikoak Israelgo armagintza-industria indartuko duelako". Hori guztia dela eta, Palestinarekin Elkartasunak berriz defendatu du "Israel konfrontatzeko" beharrezkoa dela "bere konplizeak konfrontatzea"; "hori da gure zeregin nagusia".
Eta konplize horietako batzuk zeintzuk diren ere zehaztu du. Lehenik eta behin, "Mendebaldeko estatuak, euren gobernuak eta estatuz gaindiko egitura politiko eta juridikoak" seinalatu ditu errudun modura. "Konponbidearen parte baino, arazoaren parte dira", ohartarazi du: "Espainiako eta Frantziako estatuak, noski, ez dira salbuespena. Israel horien guztien aliatu preferentziala da, eta, talka geopolitikoa areagotzen ari den honetan, ezinbesteko pieza da Mendebaldeko Asiaren kontrolerako". Hori dela eta, plataformak aldarrikatu du ezin dela "antolakuntzaren eta borrokaren energia instituzio horien neurrien zain egotera bideratu".
Bestalde, baina, "gobernu konplizeak osatzen eta babesten dituzten alderdien" erantzukizuna nabarmendu du. "Palestinar herriaren aurkako sarraskiaren aurrean, itxurakeriaz harago, euren esku dauden gutxieneko neurriak ere ez dituzte hartu. Armen salerosketan jarraitzen dute eta beste era ugaritan Israel hornitzea, finantzatzea eta zilegitzea ahalbidetzen dute", xehatu du: "Palestinarekiko elkartasun eraginkorraren oztopo dira".
Estatu-egiturez eta alderdi parlamentarioez gain, sionisten beste hainbat laguntzaile eta bermatzaile ere jarri ditu jopuntuan Palestinarekin Elkartasunak, Euskal Herrian bertan ikus daitezkeenak: "Israelgo enpresekin harreman ekonomikoak mantentzen dituzten enpresariak, bere irudia garbitzen laguntzen duten instituzioak, unibertsitateak edo kirol zein kultur arloko ekimenak, erresistentzia kriminalizatzen duten komunikabideak, eta abar".
Horien guztien kontra, sionistekin harremanak eten ditzaten "presioa egitea" funtsezkotzat jo du plataformak; "mobilizazioaren, salaketaren, boikotaren eta bestelako konfrontazio-tresnen bitartez". Horren alde ari da lanean azken hilabeteetan.
"Antolakuntza da dugun bide bakarra"
Palestinarekin Elkartasunak esan du, gainera, Palestinan gertatzen ari dena ez dela "salbuespena", "kapitalismoak gaur egun erakusten duen aurpegi basatiena baizik". "Inolako maskararik gabe garbiketa etnikoa daramate aurrera, argi utziz, irabaziak metatzea helburu, eta potentzien arteko norgehiagokan garaile izatea helburu, denak balio duela", salatu du. Uste du, hala, "erronka nabarmenena" dela "bizi dugun inpotentzia egoera orokortutik ateratzea".
"Palestinarren aldeko elkartasunak inpotentziatik atera behar du, eta horretarako antolakuntza da dugun bide bakarra; indarrez kolpatu ahal izateko, Israel indartzen duten babesak etetea lortzeko, eta konplizeei aurre egiteko", erreibindikatu dute gaurkoan: "Inork ez du palestinarrengatik egingo, ez bada herri guztietako langileon antolakuntza internazionalista indartsu batek".
Eta horri lotuta, hainbat erronkari egin die azpimarra Palestinarekin Elkartasunak. Iritzi dio funtsezkoa dela "mugimendu zabal bat eraikitzea", zenbait oinarrirekin: "palestinar erresistentzia babestea"; "Palestina osoaren deskolonizazioa, errefuxiatuen itzulera eta presoen askapena baldintzarik gabe defendatzea"; "estatu sionistaren izaera ilegitimoa mahai gainean jarri eta bere desagerpena aldarrikatzea"; eta "Mendebaldeko konplize guztien kontra etengabeko borrokan aritzea".