AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/25 11:14

Atzo, 19:00etan, kontzentrazio bat egin zuten Irungo (Gipuzkoa) San Juan plazan, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean. Modu horretan salatu zituzten Irungo festetan izan diren azkeneko eraso matxistak; atzo eman zuen eraso horien berri Bidasoko Itaiak, eta protestara deitu zuen.

Ostegunetik ostiralerako gauean, gutxienez hiru eraso izan ziren jaietan. Batetik, Mugimendu Sozialistaren txosnan lanean ari zen emakume baten aurka jo zuen 25 urteko gizon batek, liskar eginez. Gero, inguruan zeuden adingabeko hainbat emakume jazarri zituen, "komentario lizunak" eginez, Itaiako kideek azaldu dutenez. Une horretan, txosnagune guztitik kanporatu zituzten erasotzailea eta bera babesten ari ziren pertsonak, nahiz eta kanporaketa hori oztopatu zuten hasieran. Antza, ez da gizon horrek horrelako erasoak egiten dituen aurreneko aldia, eta ukituak ere egin izan dizkie hainbat emakumeri.

Bestetik, Itaiako kideek jakinarazi dute, ondoren, haiengana jo zuela neska adingabe batek, bere lagun bat drogatu zutelako inguruko taberna batean. Laguntza eske ari zen. "Irungo Udalak protokolo gune batzuk jarri ditu hiriko zenbait tokitan jaiak direla-eta. Bertako langile batengana hurbildu ginen anbulantzia non zegoen galdetzeko, eta bere erantzuna egin zitekeen gauza bakarra poliziari deitzea zela izan zen. Eskuorri bat eman zigun eta joan egin zen", adierazi dute.

Txosnak itxi zituztenean, gainera, etxera bidean zihoazen hiru emakume jarraitu zituen gizon batek. Haietako bati musu ematen saiatu zen eta zakila erakutsi zion. Itaiak ohartarazi du gau horretan hainbatetan kanporatu zutela erasotzaile hori Irungo txosnetatik, eta "modu errepikakorrean" itzultzen zela gunera.

Beste sei egunez izango dira jaiak Irunen, eta ondokoa gogorarazi du Itaiak: "indarkeria matxista jai-eredu kapitalistaren adierazpen nagusietako bat den horretan, eraso gehiago gerta daitezkeela jakitun gara". "Indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak sortzeari ekingo" diola ere esan du.

EZ DAGO IRUZKINIK