AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Urola Kostako GKS
2021/12/21 08:59

Gazte Eskola Politikoak jarri ditu martxan Iruñerriko (Nafarroa) Gazte Koordinadora Sozialistak. Gazteentzako "hausnarketa eta eztabaida politikorako espazioak" izango dira eskolak, eta hainbat gai zehatz hartuko dituzte abiapuntu modura horretarako. Ikasturte honetan, hain zuzen, lau saio egingo dituzte, eta datorren astean izango da aurrenekoa; abenduaren 29an.

Lehenengo saio horretan "gaur egungo testuinguru politikoa" aztertuko dute gazteek, eta hiru tokitan elkartuko dira horretarako, ordu berdinean (18:00etan): Errotxapeako Karbonillan, Txantreako Auzotegin eta Berriozarko Gaztetxean.

Ikasturteko hurrengo hiru hitzorduak ere zehaztu ditu dagoeneko Iruñerriko GKSk. Otsailaren 26an izango dira Gazte Eskola Politikoen bigarren saioak, apirilaren 13an hirugarrenak eta maiatzaren 7an laugarrenak. Mugimendu Sozialistaren tesi politikoak, emakume langilearen auzia eta militantzia eredua landuko dituzte eskola horietan, besteak beste.

Urola Kostan, bigarren saioa aurki

Urola Kostako GKSk azaroan abiatu zituen Gazte Eskola Politikoak, Elkartu, errealitatea ulertu eta aldatu lelopean. Eskualdean "gazte belaunaldientzat hausnarketa politikorako eta eztabaidarako" espazio bat sortzea da GKSko kideen asmoa. "Errealitate kapitalistak sortzen digun ezinegonetik abiatuta, berau ulertzen saiatzeko grina duen ororentzat elkargune bat eskaintzea du xede" proiektuak, azaldu zutenez.

Zarautzen (Gipuzkoa) nahiz Zumaian (Gipuzkoa) jarri dituzte martxan Gazte Eskola Politikoak, eta aurreneko saioan, galdera bat hartu zuten abiapuntutzat: "Zer da kapitalismoa?". Nagusiki, oinarri ekonomikoei heltzen ahalegindu ziren aurreneko saio horretan.

Aste honetan egingo dituzte bigarren saioak, abenduaren 23an Zumaian eta 26an Zarautzen. "Zer da kapitalismoa?" galderari tiraka jarraituko dute bigarren saioan ere, baina oraingoan, dominazio kulturalaz eta ideologikoaz arituko dira batez ere.

EZ DAGO IRUZKINIK