AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Sarbidea hormatu duten unea. Argazkia: @erikaherrigunea
2020/01/22 12:19

Gaur, hilak 22, Irunberriko (Nafarroa) Erika Herriguneko sarrera hormatu dute hainbat langilek, Irunberriko Udalak aginduta. Udal Gobernuko ordezkariak ere bertaratu dira, eta Erikako kideek azaldu dutenez, aurretiaz "inolako abisurik edo azalpenik eman gabe" itxi dute gunea.

Azken asteetan, udalak egindako zenbait eraso salatu dituzte Herriguneko kideek. Azkenekoa astelehenekoa izan zen; udalak ateko giltzarrapoa kendu zuen. Dena den, negoziazioak hasteko borondatea agertu zuten Erikakoek, baita horiek "berehalakoak eta eraginkorrak" izan zitezen eskatu ere. Udalak kontrako erantzuna igorri du, ordea, "edozein negoziaziori uko egiteko jarrera" azalduz.

Abenduaren 24an birjabetu zuten eraikina Irunberriko hainbat gaztek, eta handik bi egunera bertaratu zen Foruzaingoa. Eraikinaren kanpoaldean zeuden bi lagun identifikatu zituzten poliziek. Hurrengo egunean, hiru udal ordezkari ere agertu ziren, errekerimendu bat eskuan zutela. Erikako kideek "elkarrizketarako prestutasuna" erakutsi arren, birjabetzea gauzatzean "negoziazio guztiak hautsi" zituztela erantzun zieten udal ordezkariek. Ondoren, gobernu taldearekin biltzeko eskari-orri bat aurkeztu zuten gazteek, baina udalak entzungor egin zien berriro. Guneko argia moztu zuten handik gutxira, eta herenegun, esan bezala, ateko giltzarrapoa kendu zuten. Handik bi egunera hormatu dute sarbidea.

Sorrera

2018. urteko udan mahaigaineratu zuten Irunberriko gazteek "lokal parte hartzaile eta autogestionatu baten beharra". Eskaera formal bat aurkeztu zuten udaletxean, txosten bidez. Proiektuaren proposamenari erantzuteko "borondate falta" antzeman zuten, baina. Ondorioz, proiektua euren kabuz aurrera eramateko hautua egin zuten, eta dagoeneko erabilerarik ez zuen eraikin bat birjabetu zuten, garai batean gaztetxea zena. Eraikinaren jarduera gazte esparrutik harago zabaltzeko asmoa erakutsi zuten, "herri osoarentzako gune bat" sortzekoa, alegia. Hala, Erika Herrigunea izena hartu zuen espazioak.