Iruñean taldean bortxatu dutela salatu du emakume batek

Emakumeak pasa den apirilaren 14an salatu zuen talde bortxaketa. Edarian susbtantziaren bat bota ziotela eta gutxienez hiru gizonezkok erasotu zutela jakinarazi zuen.
Argazki Nagusia
2019ko apirilaren 24a

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, pasa den apirilaren 14an, igandea, emakume bat taldean bortxatu zuten Iruñean (Nafarroa), Jarauta kaleko etxe batean. Larunbatetik iganderako gau horretan hainbat gizonek erasotu zutela salatu zuen emakumeak; hain zuzen, edarian ezagutzen ez zuen substantzia bat bota ziotela eta horren ostean gutxienez hiru gizonek txandaka bortxatu zutela adierazi zuen. Emakumeak Espainiako Poliziaren aurrean deklaratu zuen gertatutakoa, eta beren esku geratu zen auzia. Hiru gizon atxilotu zituzten, baina berehala aske utzi zituen epaileak, baldintzapean.

Hau ez da azken urteetan Iruñean salatu duten talde bortxaketa bakarra. 2016. urteko San Fermin jaietan, gizon talde batek bortxatu zuela salatu zuen Iruñeko Udaltzaingoan 18 urteko emakume batek. La Manada delako auzian bost gizon auziperatu zituzten, eta 2018ko apirilean, jazotakoa “sexu abusu” moduan ulertu zuen Nafarroako Lurralde Entzutegiko epaimahaiak; hala, ez zuen sexu erasotzat eta bortxaketatzat jo. 9 urteko espetxe zigorra ezarri zioten erasotzaile bakoitzari, eta behin-behineko askatasunean jarraitzen dute egun, Espainiako Auzitegi Gorenak hala eskatuta.