AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The White House (X)
2025/06/18 12:44

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak atzo Truth Social sarean adierazi zuenez, "Irango zeruaren erabateko kontrola" dauka bere herrialdeak, eta ba omen daki Irango "Agintari Gorena deiturikoa zehazki non ezkutatzen den", Ali Khameneiri erreferentzia eginez.

Trumpek gaineratu du ayatollah-a "jomuga erraza" dela, baina "salbu" dagoela gaur-gaurkoz: "Ez dugu ezabatuko, oraingoz behintzat". Hala ere, mehatxuz aritu da, gaineratu baitu "gure pazientzia agortzen ari dela", Israelgo Estatuaren eta Irango Errepublika Islamikoaren arteko gorakada militar bete-betean.

Nazioarteko prentsak jasotzen duenez, Trumpek "baldintzarik gabeko errendizioa" eskatu dio Irani, eta AEBek "aireko defentsa- eta miaketa-sistemetan duten nagusitasun teknologikoa" azpimarratu dute. Presidenteak Israelgo Estatuaren kanpaina militarra babestu du, zeinak, Benjamin Netanyahuren arabera, Iranen misil eta drone jaurtigailu ugari suntsitu dituen dagoeneko. Trumpek zabalik utzi du, gainera, AEBen inplikazio handiagoa gudan, erasoek jarraitzen badute.

AEBetako 30 hegazkin militar Europara eta Ekialde Hurbilera eraman ondoren egin ditu adierazpenak Trumpek. Berretsi du helburua "interes estatubatuarren eta aliatuen aurkako erasoak saihestea" dela, baina ez du baztertzen neurri sendoagoak hartzea Iranek ez badie amore ematen bere eskakizunei.

EZ DAGO IRUZKINIK