AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Vahid Salemi/AP
2025/06/13 08:44

Israelgo Estatuak aire-eraso koordinatu bat egin du ostiral goizaldean Irango Errepublika Islamiarreko instalazio nuklearren eta militarren aurka, tartean, Natanzeko zentro nuklearra eta Teherango zenbait base. Irango iturri ofizialek baieztatu dute, gainera, hil egin direla Hossein Salami Guardia Iraultzaileko komandante burua eta Mohammad Bagheri Irango Indar Armatuetako burua, beste goi-agintari eta zientzialari nuklear batzuekin batera. Erasoak kalte material esanguratsuak ere eragin ditu azpiegitura estrategikoetan.

Israelgo Gobernuak, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren ohar baten bidez (The Times of Israel egunkariak jaso du), "prebentziozko" operazio gisa justifikatu du egindakoa, Iranek "bere programa nuklearrean aurrerapen esanguratsuak" egin dituela eta ekintzak "segurtasun nazionala babestu" nahi zuela argudiatuta. Horiek horrela, larrialdi nazionaleko egoera ezarri du Palestina okupatu osoan. Irango agintariek, bestalde, "zuzeneko erasotzat" jo dute bonbardaketa, eta "erantzuna irmoa" izango dela iragarri dute.

Munduko hainbat estatuk "kezka" agertu dute Ekialde Hurbilean gatazkak gora egiteko arriskuagatik. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera batera deitu du, eta Amerikako Estatu Batueek eta Europar Batasunak "eustea" eskatu diete bi aldeei. Washington, Marco Rubio estatu-idazkariaren bitartez, beren kide sionisten ekintzetatik aldentzen saiatu da, baina aitortu du bazekitela erasoa gertatuko zela.

Erasoa Irango goi-kargu eta gaitasun militarraren aurka hamarkadatan izan den erasorik handiena da, eta eskualdeko tentsioa maila kritikoetara igotzen du.

EZ DAGO IRUZKINIK