Israelgo Estatuak biziagotu egin ditu Irango Errepublika Islamikoaren aurkako eraso militarrak, Teheran, Isfahan, Tabriz eta beste eskualde batzuetan bonbardaketak eginez, IRNA eta AFP agentzien arabera. Armada sionistak adierazi du "misilak jaurtitzeko eta biltegiratzeko hamabi guneri" eraso diela, eta ziurtatu du Irango hiriburuan egindako bonbardaketetako batean hil duela Ali Shadmani Irango Armadako Estatu Nagusiko burua.
Palestina okupatuaren iparraldean eta Tel Aviven misil bidezko erasoak eginez erantzun du Iranek, eta, bere esanetan, inteligentzia militarrerako zentro bat eta Mossaden planifikazio-egoitza bat jo ditu. Irango Guardia Iraultzaileak baieztatu du bere erasoak bonbardaketak egin zituzten Israelgo aire-baseetara zuzenduta daudela.
Eskalada militarrean Irango ehunka pertsona hil dituzte sionistek jada, eta kalteak eragin dituzte azpiegitura kritikoetan. Irango Gobernuak azaldu duenez, berriki beste hainbat hildako eragin ditu Israelgo Estatuak, Irango estatu-telebistaren Teherango egoitzaren kontra egindako eraso batean eta Kashan hirian. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) arabera, gainera, zuzeneko inpaktuak izan dira Natanzeko aberaste nuklearreko instalazioetan.
600 atzerritarrek baino gehiagok egin dute alde Irandik Azerbaijanera azken egunotan, eta Ukrainak, Txinak zein Hego Koreak euren herritarrei eskatu diete Palestina okupatua eta Iran utz ditzatela, "segurtasunaren hondatze nabarmena" dela eta.
Diplomaziari dagokionez, Donald Trump AEBetako presidenteak esan du ez duela su-etena bilatzen, "benetako amaiera" bat baizik, eta Irani eskatu dio "arma nuklearrei erabat uko egin" diezaiela. Errusiak bitartekari gisa eskaini du bere burua, eta gogorarazi du Israelgo Estatuaren erasoak legez kanpokoak direla. Jordaniako, Qatarko eta Frantziako Estatuko buruzagiak, berriz, eskualdeko gorakada belikoaren arriskuaz aritu dira, eta "eusteko" eskatu dute, Parisek eta Ammanek Tel Avivekin elkarlanean jarraitzen duten bitartean.