Iranek ehun drone baino gehiago bota ditu ostiral goizean Israelgo Estatuaren aurka, goizaldean sionistek Irango instalazio nuklearren eta militarren aurka egindako erasoari erantzuteko, IRNA estatu-agentziak eta nazioarteko hedabideek jakinarazi dutenez. Israelgo Armada, bere aireko defentsa-sistemak eta eskualdeko aliatuek lagunduta, droneak oztopatzen hasi da, eta horietako batzuk Sirian eta Saudi Arabian neutralizatu dituzte, Reuters-ek eta Israelgo 12 Kanala-k aipatutako iturri militarren arabera.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak (IAEA) baieztatu duenez, Natanzeko zentral nuklearra jo dute Israelgo Estatuaren bonbardaketek, baina "erradiazio-mailak ez dira handitu", bertako ekipoak ikuskatu ostean. Irango agintariek, gainera, sei zientzialari nuklearren, Guardia Iraultzaileko komandante buru Hossein Salamiren eta Irango Indar Armatuetako buru Mohammad Bagheriren hilketaren berri eman dute. Ali Jamenei buruzagi gorenak, hala, ziurtatu du "erantzun zorrotza" emango duela eta hildakoen "ondorengoek eta lankideek berehala" ekingo diotela lanari.
Benjamin Netanyahu Israelgo Estatuko lehen ministroaren hitzetan, operazio militarrak "mehatxua deuseztatzeko beharrezkoak diren egunetan jarraituko du", Irango programa nuklearrari erreferentzia eginez. Washingtonek, bere aldetik, adierazi du ez duela "operazioan parte hartu", eta Teherani abisu eman dio, AEBei eragiten dieten interesei eraso egin ez diezaien. Irango agintariek, baina, argi utzi dute hala egingo dutela.
Sionisten programa nuklearrari buruzko informazioa
Esmail Jatib Irango Errepublika Islamikoko Inteligentzia ministroak adierazi duenez, bere herrialdeak "altxor" bat lortu du Israelgo Estatuaren programa nuklearrari buruzko dokumentu konfidentzialetan, eta aurki argitara daitezkeela ohartarazi du. Jatibek zehaztu du "artxibo nuklear osoak" direla eskuratutakoak, eta arma atomikoen programa ez ezik (Israelek ez du inoiz ofizialki baieztatu halakorik), Europarekin, AEBekin eta beste herrialde batzuekin dituen harremanak ere biltzen dituztela.
Hala ere, oraingoz ez du frogarik aurkeztu, eta Israelgo Gobernuak ez du datu horiei buruzko iruzkinik egin, El País-en esanetan. Baieztapen partzial bakarra Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendariak eman du. Haren arabera, "badirudi" Iranek aipatzen dituen datuak Soreqeko zentro nuklearrari buruzkoak direla, Yaffa/Tel Avivetik gertu dagoen ikerketa-instalazio bat, aipatutako erakundeak "aldizka" ikuskatzen duena.
Amwaj atariak aipatutako analistek diotenez, hala nola Mohamed Shamassek, Iranek lortutako dokumentuek "informazio garrantzitsua izango lukete Iranen balizko erantzun baterako, Israelen erasorik izanez gero", baina Mendebaldeko prentsak ez du hori egiaztatu.
Iranen iragarpena, hain justu, eskualdean tentsioa areagotzen ari den testuinguru batean eta Omanen AEBekin negoziazio nuklearren erronda berri bat hasi aurretik gertatu da, baita eraso sionisten erdian ere. El País-en iturriek diote elkarrizketa horietan "arreta Israelen programa nuklearrera bideratu" nahi duela Iranek, "Estatu Batuei presioa egiteko".
Bien bitartean, Teheranek uranioaren aberastea eta plan nuklearrak ez uzteko jarrerari eutsi dio, nahiz eta Israelgo Estatuak eta AEBek mehatxuak egin, eta nahiz eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak salatu "ez-betetzeak" izan direla Iranen partetik.