Atzo, Irango Guardia Iraultzaile Islamikoak (IRGC) baieztatu zuen irismen laburreko eta ertaineko misil balistikoak jaurti zituela Amerikako Estatu Batuek Qatarren daukaten Al Udeid base militarraren aurka, Annunciation of Victory izeneko operazioaren barruan. IRGCren komunikatuaren arabera, bi egun lehenago AEBek Irango instalazio nuklearren aurka egindako eraso militarrari emandako erantzun zuzena izan da honakoa. Iranek adierazi du erasoak mezu argi bat bidali nahi ziela Etxe Zuriari eta bere aliatuei: "Iranek ez du, inola ere, erantzunik gabe utziko bere lurralde-osotasunaren, subiranotasunaren edo segurtasun nazionalaren aurkako ezein eraso".
Al Udeid basea Dohako hego-mendebaldean dago, eta AEBen aktibo estrategikorik handiena da eskualdean; Ekialde Ertainean jarduteko daukaten aginte-gune nagusia, antza. Irango Gobernuak ziurtatu du misilak bizitoki-guneetatik urrun bideratu direla, eta Qatarrekiko "harreman bero eta historikoekiko" konpromisoa berretsi du.
Qatarko Defentsa Ministerioak jakinarazi du bere aireko defentsa-sistemek misilak geldiarazi dituztela eta ez dela biktimarik edo kalte materialik izan. Qatarko Kanpo Harremanetarako Ministerioak, bestalde, esan du erasoa "Qatarren eta Nazio Batuen Gutunaren subiranotasunaren eta aire-espazioaren urraketa nabarmena" izan dela, eta herrialdeak "nazioarteko zuzenbidearen arabera erantzuteko eskubidea" duela.
Erasoaren ondoren, Qatarrek aldi baterako itxi zuen bere aireko espazioa, eta kolpearen aurretik basea hustu zuen arren, bost ordu geroago ireki zuen berriro. Qatarreko agintariek jakinarazi dute herrialdeko egoera "erabat egonkorra" dela eta eguneroko bizia normaltasunera itzultzen ari dela. Gatazkan dauden aldeen arteko negoziaziorako deia berretsi du herrialdeak, hala.
Iturri diplomatikoek baieztatu dutenez, Iranek erasoaren berri eman zien Qatarko eta AEBetako agintariei, bajak murrizteko eta basea husteko gaitasuna emateko. Donald Trump presidenteak eskerrak eman dizkio publikoki Irani abisuagatik, eta erasoa "oso ahultzat" jo du, "AEBetako inor ez dela zauritu eta ia ez dela kalterik izan" nabarmenduta.