Irailaren 20tik 24ra greba egingo dute Bizkaiko autoeskoletako langileek

Udan hainbat egunez grebara jo ostean, datorren astean bost eguneko greba egingo dute Bizkaiko autoeskoletako langileek, hitzarmen berri baten alde borroka egiteko.
Argazki Nagusia
Autoeskoletako langileak, mobilizazio batean. Argazkia: ELA
2021eko irailaren 13a

Duela 11 urte iraungi zen Bizkaiko autoeskoletako langileen hitzarmen kolektiboa. Gaur egun patronalak mahai gainean duena eta langileek eskatzen dutena "oso urrun" daudela adierazi dute sindikatuek; ELAren arabera, dena den, oraindik ez dute patronalaren proposamen zehatzik jaso. Hori dela-eta, astebeteko greba egingo dute langileek, eta hainbat mobilizazio izango dira. Uztailean eta ekainean ere jo zuten grebara.

Langileen eskaerak

Hauek dira sektoreko langileek patronalari egiten dizkioten eskaerak:

  • Soldata-taulak ezartzea: ia autoeskola guztiek, irakasleen soldaten kasuan, hitzarmenean zehaztutako soldata ofizialak eta legez kanpo ordaindutako zenbatekoak konbinatzen dituzte. Irakasle ez diren langileen soldatak, batez ere administrazioko langileenak (emakumeak direnak nagusiki), ozta-ozta iristen dira hilabetean 1.000 euro gordinera.
  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren langileentzat, genero-arrakala murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleen lanaldiekin parekatzeko, astean 35 ordukoak izateari begira.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea: batzuetan gaueko 21:00etara arte luzatzen dira lan-egunak, eta 11 ordura arteko lanaldiak izaten dituzte beharginek. Larunbatetan lan egitea ere egokitu izan zaie.
  • Erretiro partziala: adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore bat izanda, plantilla gaztetzea ahalbidetuko duten neurriak beharrezkoak direla diote langileek.

Iruzkinak

Ez dago iruzkinik