AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/16 18:12

Iragan igandean, hilak 12, emakume bati eraso egin zion haren bikotekideak Azkaingo (Lapurdi) etxebizitza batean. Emakumea eta haren haurra jo zein iraindu zituen erasotzaileak.

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) polizia-etxean salaketa aurkeztu zuen gero emakumeak, eta antza, azkar atxilotu zuen gizonezkoa Frantziako Poliziak. 

Hortik bi egunera, hilak 14, Baionako Auzitegian epaitu zuten. Gaur, hilak 16, bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegiak. Horretaz gain, hamar hilabeteko "froga-epea" bete beharko du; hots, denbora tarte horretan bikotekideari berriro eraso egingo balio, espetxeratua izango litzateke. Arma batekin ibiltzea ere debekatu diote, ehiztaria dela kontuan izanik.

Salaketa ugari alarma egoeran

Gora doa konfinamendu garaian Euskal Herrian salatutako erasoen kopurua. Aurreko astean, gutxienez lau izan ziren argitara atera ziren kasuak, Bilbon (Bizkaia), Santurtzin (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Hendaian (Lapurdi).

Aste honetan, aldiz, bi gizonezko atxilotu dituzte Iruñean (Nafarroa), "familia barruko tratu txarrak" egotzita. Gaur ere, eraso baten berri eman dute Deustun (Bilbo, Bizkaia).