AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/12/09 17:28

Zortzi urte eta erdi dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas erail zuela eta, ordutik, polizia-agente bakarra zigortu dute. Hain zuzen, 2018ko azaroan jakinarazi zuten polizia-agintarietako bati –Juan Jose de Pablo, erretiroa hartuta zuena jada– bi urteko espetxe-zigorra ezarri ziola Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Absolbitu egin zituzten, ordea, epaituak izan ziren gainontzeko bost ertzainak: Kepa Muriel, Tomas Gonzalez, Jose Ignacio Moure, Dany Johnny Fernandez eta Eduardo Guzman.

Hainbat helegite aurkeztu ziren epai horren aurka, eta Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salak gaur, abenduak 9, aztertu ditu. Ebazpena datozen egunetan ezagutaraztea espero da.


Cabacasen senideek, akusazio modura, eskatzen dute epaituak izan ziren ertzain guztiak zigortzea. Horien artean daude "ofizialak" nahiz  "oinarriko polizia-agenteak". Izan ere, De Pablori baino ez ziotela zigorra ezarri salatu dute behin eta berriro. 2013an argitara atera ziren audio-grabazioetan entzun daitekeenez, Cabacas hil zuten kale ingurura "denarekin sartzeko agindua" eman zioten De Pablori, polizia-etxetik.


Senideen abokatuak, gainera, azaldu izan du ez zutela lortu Cabacasen hilketarekin lotura zuten beste polizia-agente batzuk auzipetzea, eta Auzitegi Gorenaren aurrean erabili duen argudioetako bat izan da "eskasa" izan zela erailketaren harira poliziek martxan jarri zuten ikerketa.