AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea, atzo, Donostiako auzitegien aurrean. Argazkia: Infernua Bizirik
2021/09/23 16:18

Donostiako (Gipuzkoa) Infernua gunean dauden hiru eraikinetako hamalau bizilagun epaitzen hasi ziren atzo, usurpazio delitua leporatuta. Otsailaren 6an egindako polizia operazioan identifikatu zituzten epaitzen ari diren pertsonak, eta atzo hasi ziren epailearen aurrean deklaratzen auzipetuetako zortzi. Urriaren 20an jarraituko dute epaiketarekin; beste sei lagun geratuko lirateke deklaratzeko.

Auzipetuek azaldu zutenez, sei bat urte daramatzate Infernuko hiru blokeetan bizitzen, eta nabarmendu dute 1980ko hamarkadatik daudela eraikin horiek abandonu egoeran. Gipuzkoako Foru Aldundiak dauka erakinen legezko jabetza, eta Infernua Bizirik-en esanetan, denbora horretan guztian diputazioa "ez da jabetzaz arduratu". Orain, bide penaletik eraman ditu auzitara bizilagunak, auzipetuen esanetan, "okupak zigortzeko" asmoarekin.

Huste eta eraisketa arriskua

Hainbat alditan joan da polizia Infernura azken hilabeteetan. Iazko azaroan, eraikinak husteko operazioa egin zuten, COVID-19aren inguruko alarma-egoera indarrean zela. Garai hartan, 100 pertsona inguru bizi ziren auzunean birjabetutako eraikinetan, eta Fabrika blokea hustuta, kale gorrian utzi zituzten horietako 50.

Oraindik orain, Infernu guneak "huste arriskuan" jarraitzen duela ohartarazi du Infernua Bizirik taldeak. Izan ere, etxebizitzak eraikitzeko plan bat martxan du Donostiako Udalak, eta eraiste lanak ere hasiak ditu auzunean.

Epaiketa hastearekin batera, auzia salatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek atzo Donostiako epaitegien aurrean.

EZ DAGO IRUZKINIK