AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ikasle Autodefentsa Sarea (IKAS).
2020/10/03 01:15

Larunbat honetan, urriak 3, IKAS (Ikasle Autodefentsa Sarea) plataforma nazionala aurkeztu dute bigarren hezkuntzako hainbat ikaslek Donostian (Gipuzkoa). Hezkuntza eremuko eragile berriak azaldu duenez, "heziguneetan azaleratu diren beharrei erantzuteko jaio den tresna" da IKAS, "ikasle langileon interesak defendatu eta borrokatuko dituena".

Azken hilabeteotan hezkuntzan azaleratu den koiunturaren balorazioari heldu dio IKASek, izan ere, "burgesiak krisia gainditzeko hezkuntza esparruan egindako erreformen adierazleak" nabarmendu ditu. Erreforma horiek "ez dira sekula ikasle langileon mesederako izaten", azaldu dute IKASeko kideek. Ondorioz, krisiaren ondorio zein kalteak langile klaseko ikasleriaren "bizkar gainean erortzen" ari direla jarri dute salaketaren jomugan.

IKAS-BALDINTZEN OKERRAGOTZEA

Hezkuntzako erreformen ondorio zehatzak seinalatu dituzte IKASeko kideek; besteak beste, "hezkuntzaren kalitateak jasandako gainbehera", "ikasgeletara itzulera inolako osasun bermerik gabe bultzatu izana", "jangela zein garraio zerbitzuen murrizketa" eta "ebaluazio irizpideen inguruko nahasmena".

KONTROL SOZIALA

Ikas-baldintza makurrez gain, ikasleen antolakuntzarako eta euren eskubideak defendatzeko baliabideak "neutralizatuak" izan direla eta "ikasleon gaineko kontrolerako gero eta tresna gehiago" ezarri dituztela salatu dute. Horren aurrean, argia da IKASen antolatu diren bigarren hezkuntzako gazteen hautua: "Burgesiak abiatu duen ofentsibaren aurrean, premiazkoa da ikasle langileon baldintzak defendatzeko tresnak sortzea".

ELKARTASUNA ETA BATASUNA

Tokiko autodefentsa esperientzien "elkargunea" da IKAS, adierazi dutenez. Helburuei dagokienez, "heziguneetan ikasle langileon baldintzak hobetzea eta pairatzen dugun infantilizazioari aurre egitea" jarriko dute erdigunean. Betebeharron "banaezintasuna" azpimarratu dute, gainera. Izatez, ikasle langileen antolakuntzaren bitartez, "ikastetxez ikastetxe baldintzak hobetzeko apustua" egiteaz gain, "ikasleak subjektu politiko gisa eratzeko ekarpena" egingo dutelakoan daude.

LAN-LERROAK

Bide horretan, IKASek "bigarren hezkuntzako eta batxilergoko errealitateari erantzuten dion programa politikoa" aurkeztu du. Ikasle mugimenduaren azken urteotako esperientzietatik erauzitako ondorioa da programa, "heziguneetan problematizatu, salatu eta bizi ditugun auziak" barne biltzen dituena.

Horregatik, hezigune bakoitzeko problematika zehatzak koordinatzeko eta zentralizatzeko aukera emango duten lau puntu orokorrekin osatu dute programa:

  1. Baldintza ekonomikoak eta ikas-baldintzak
  2. Kontrol soziala
  3. Askatasun politikoak
  4. Erasorik gabeko ikastetxeak