AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Euskalerria Irratia
2022/09/02 11:33

Nafarroako SOS Arrazakeriak kolektiboak eta Gaz Kalo ijito elkarteak salatu dutenez, ijito familia bat jazarri zuten Iruñeko (Nafarroa) denda batean joan den abuztuaren 17an; hain zuzen, Carlos III.aren etorbideko Primor lurrindendan. Hiru emakume eta adin txikiko ijito baten aurka egin zuten han, saltokiko arduradunek lehenengo, eta Iruñeko Udaltzaingoak gero.

Dendara sartu bezain pronto, segurtasun arduraduna ondoan zelatan izan zuen familiak; ijitoek azaldu dutenez, sarri jasaten dute berdina. Atzetik zeukaten une oro segurtasun zaindaria hori, eta azkenean, etengabeko jazarpena zela-eta, haserretu egin ziren. Liskarra izan zen orduan familiaren eta zaindariaren artean; hala, erosketak egin eta dendatik alde egin zuten hiru emakumeek eta adingabeak.

Irten zirenean, baina, udaltzainak zituzten zain; lurrindendako nagusiak hots egin zien. Lapurreta egitea egotzita salatu zuen familia, eta beraz, poliziek ondoko atari batera eraman zituzten laurak. Beren poltsak miatu zituzten, eta erosketetako tiketak erakutsi behar izan zizkieten emakumeek, jendaurrean. Ez zeukaten lapurtutako ezer, dena den. "Aurretiazko inolako konprobaziorik egin gabe, soilik ijitoak ginelako hasi ziren poliziak gu miatzen" salatu zuen emakumeetako batek. "Lotsa eta haserrea sentitu genituen, publikoki jendaurrean horrela tratatu gintuztelako", gaineratu zuen.

Gertatutakoa salatzeaz gain, protestara deitu zuten Gaz Kalok eta SOS Arrazakeriakek. Atzo, irailaren 1ean, elkarretaratze bat egin zuten Primor aurrean.

EZ DAGO IRUZKINIK