Igor Gonzalez preso politikoaren erailketa salatu dute Euskal Herriko kaleetan

Gonzalezen hilotza atzo heldu zen bere jaioterrira, Bilbo, auto karabana batek lagunduta. Hamaika txokotan oroitu dute preso politikoa, eta gogor salatu dute haren erailketa.
Argazki Nagusia
2020ko irailaren 6a

Duela bi egun, irailak 4, Igor Gonzalez preso politikoa hilotz topatu zuten ziegan, Martuteneko kartzelan (Gipuzkoa). Atzo, 18:00ak aldera, Donostiako (Gipuzkoa) epaitegitik Bilbora (Bizkaia) eraman zuten haren gorpua. Hainbat pertsonak osatutako auto karabanak lagundu zituen senideak Bilboko Gas plazako beilatokiraino.

Euskal Herriko kaleetan gogor salatu dute preso politiko bilbotarraren erailketa, tartean, margoketa eta pankarta bidez zabaldutako aldarrikapenak, nahiz tokian tokiko mobilizazioak. Gonzalezen jaioterrian jendetsuak izan dira manifestazioak, besteak beste, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta, atzo 19:30ean Etxebarrieta Anaien plazatik irten zena. Presoa "Estatuak erail" duela salatu zuten ehunka pertsonak, baita "amnistia osoa" aldarrikatu ere.