Identifikazioak salatu dituzte Tolosako eta Zizurkilgo gazte asanladetako kideek gaztetxe banaren okupazioa dela eta

Aurreko asteko ostiralean, Ertzaintzak “desalojo orden legalik gabe” identifikatu zituen Aiztondo Gazte Asanbladako bi kide, Kaxilda Gaztetxearen okupazioa dela eta. Era berean, atzo Ertzaintzak identifikazioak gauzatu zituen Tolosan, gazte asanbladako kideek Ezpala Gaztetxea bigarrenez okupatu eta eraikinaren jabeak salaketa jarri ondoren. Tolosako Gazte Asanbladako kideek jabearekin negoziazio mahaia irekitzeko prestutasuna adierazi dute: horrelako auzi garrantzitsua “zintzotasunez” hitz egin beharrekoa dela iritzi dute.
Argazki Nagusia
2019ko apirilaren 23a

Ostiralean, hilak 19, Aiztondo Gazte Asanbladako kideek Kaxilda Gaztetxea okupatu zuten. Egun, desalojo agindurik ez badago ere, Ertzaintzaren bi patrulla gaztetxearen atarira bertaratu eta guztiak identifikatzeko mehatxua egin zieten larunbatean. Azkenean, Ertzaintzak asanbladako bi kide identifikatu zituen, Kaxildako kideen hitzetan “desalojo agindu legalik” izan gabe. Zizurkilgo gaztetxeko kideek “klase elkartasunerako eta babeserako” deia zabaldu zuten sare sozialetan, identifikazioak salatzearekin batera; gauean zaintza txandak egiteko laguntza eskatu zuten.

Era berean, atzo, hilak 22, Ezpala Gaztetxea okupatu zuten bigarrenez Tolosako Gazte Asanbladako kideek. Eraikinaren jabeak salaketa jarri zuen okupazioaren aurrean. Arratsaldean, Ertzaintzak identifikazioak gauzatu zituen asanbladako kideen aurka, sare sozialetan salatu zutenez. Ezpalako kideek zabaldutako irakurketan, jabearekin “negoziazio mahaia zabaltzeko prestutasuna” adierazi dute. Are eta gehiago, horrelako auzi “garrrantzitsuari” aurre egiteko “zintzotasuna” eskatu dute. Gaztetxeko kideek, aurreko okupazioan egin ez bezala, Limousin etxeko jabearekin negoziazio mahai bat irekitzea beharrezkoa dela adierazi dute. 2016ko urtarrilean bortizki desalojatu zuen Ertzaintzak Ezpala Gaztetxea.