Ibaetako Ingeniaritza Fakultateko ikasleek mobilizazioa egin dute, 'Ebaluazioan gehiegikeriarik ez!' lelopean

400 ikasle matrikulatuta dauden irakasgai batean hemezortzi ikaslek baino ez dute gainditu azterketa. "Lan-karga eta baldintza jasangaitzei erantzun antolatua" emateko beharra azpimarratu du Unibertsitateko Indar Batasunak.
Argazki Nagusia
Argazkia: UIB
2021eko maiatzaren 5a

Dozenaka ikasle elkartu dira asteazken honetan, maiatzaren 5ean, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Igeniaritza Fakultatean antolatutako mobilizazioan, Ebaluazioan gehiegikeriarik ez! lelo hartuta. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ingeniaritzako ikasleen artean haserrea piztu dute Fluidoen Mekanika irakasgaiko azterketetako emaitzek, Ibaetako gradu horretan matrikulatuta dauden 400 ikasleetatik hemezortzik baino ez baitute gainditu azterketa bat.


"Ikasle langileek etengabe pairatzen dituzten lan-karga eta baldintza jasangaitzei antolatuta erantzun behar diegu", azaldu du UIBk ebaluazioaren problematikaren harira. Horrenbestez, fakultate ondoko plazan bildu dira hainbat eta hainbat lagun, "ikasleek bizi duten egoera negargarria" salatzeko. Aurrekoa gutxi balitz, ikasle askorentzat "azterketa horren laugarren deialdia" izan dela ere gogora ekarri du UIBk.


Entzungor


Eragilearen esanetan, mobilizazioa hasi aurretik fakultateko ateak itxi dituzte segurtasun-agenteek. "Horrek argi uzten du EHUk ikasleen eskakizunak entzuteko duen borondate eza, egoerari erantzuteko duen bide bakarra autoritarismoa erabiltzea baita", adierazi du UIBk sare sozialetan.


Ikasleak tinko


EHUk ateak itxi arren, ikasleak fakultatera sartu dira plazako mobilizazioa burutu bezain laster. "Ebaluazioan gehiegikeriarik ez!" edota "ingeniaritza borrokan!" bezalako aldarriak entzun dira barruan. Azkenik, dekanotza parean bildu dira, ingeniaritzako ikasleei elkartasuna adieraziz.


Propagandari eraso


UIBk maiatzaren 3an sare sozialetan aditzera eman zuenez, ingeniaritzako ikasleen egoera salatzeko jarritako pankartak zein kartelak kentzen aritu zen fakultateko zuzendaritza taldea. Gertaera horiek "askatasun politikoen urraketak" direla adierazi du UIBk; "ikasturtean zehar salatutakoaren beste adibide bat", funtsean. Euren ustez, ikasleen aldarrikapenek "ez dute lekurik" egungo unibertsitatean, eta horrelako jarrera autoritarioak erabiltzen dira horiek ezabatzeko.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik