Errusiako Itsas-Armadaren garapenaren inguruan San Petersburgon egindako bilera batean, Vladimir Putin presidenteak adierazi omen du gutxienez 8,4 bilioi euro bideratuko dituela indar militar horretara datozen hamar urteetan. Besteak beste, ontzi berriak eraikitzeko gastatuko omen dute dirutza hori, eta estatu-armamenturako programaren barruan kokatu du diru-partida erraldoia.
"Itsas-armadak ezinbesteko zeregina izan du eta betetzen jarraitzen du Errusiaren defentsa eta segurtasuna bermatzeko, eta bere interes nazionalak munduko ozeanoetan babesteko", esan du Putinek. Presidenteak gogorarazi du azken bost urteetan 49 ontzi militar berri eraiki dituztela Errusian, eta, 2020tik hona, bederatzi urpeko berri eskuratu dituztela: Borey-A modeloko bost eta Yasen-M modeloko lau. Horretaz gain, ziurtatu du sistematikoki garatzen ari direla itsas-armadaren gaitasunak, besteak beste, etenik gabe gainazaleko ontziak eta itsaspeko misil-ontziak eginez.
Bestalde, TeleSurTV hedabideak jaso duenez, Errusiaren itsas-indar nuklearren barruan, %100ekoa omen da "modernotzat" jotako armen proportzioa. Eta Putinek adierazi omen du, gainera, hala mantendu nahi duela armen maila, 2050ari begira egindako aurreikuspenetan.