AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Manifestazioa Donibane Lohizunen. Argazkia: Euskal Irratiak
2021/09/15 10:07

Euskal Irratiek gaur goizean jakinarazi dutenez, Frantziako Poliziak hiru gazte atxilotu ditu Urruñan eta Hendaian (Lapurdi), eta Baionako (Lapurdi) polizia-etxera eraman ditu. Laugarren pertsona bat atzematen ere saiatu da, baina une horretan ez zegoen bere etxean, eta ez dute atxilotu. Atxilotze-aginduaren berri izan duenean, baina, bere kabuz aurkeztu da komisariara.

Uztailaren 14an, Frantziako egun nazionala deiturikoan, manifestazio bat izan zen Donibane Lohizunen, Asimilaziotik erresistentziara! aldarripean. Mobilizazioa Herriko Etxera heldu zenean, hango harresian pankarta bat jarri zuten hainbat lagunek, eta hala zioen: Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere. Euskal Herria da. Jean François Hirigoien Errepublikanoetako auzapeza orduan irten zen manifestariengana; haien aurka oldartu zen eta pankarta kentzen ahalegindu zen. Hirigoieni bultza egin zioten gero, eta Herriko Etxera sartu zen bera, manifestariei erdiko hatza aterata irain egin ostean.

France Bleu Pays Basque irratiaren arabera, egun horrekin lotuta daude gaurko atxiloketak. Autoritate publikoaren ordezkari bati eraso egitea leporatzen diete, antza, gazteetako biri. Beste biei, ordea, Frantziako bandera bat kentzea egozten omen diete.

Baionako Bernat Etxepare lizeoko hainbat ikasle komisariaren atarian elkarretaratu dira, atxiloketak salatzeko eta atxilotuei babesa adierazteko.

EZ DAGO IRUZKINIK