AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Periódico Impulso
2022/12/01 10:27

Aurrerantzean, modu hilgarrian erabil daitezkeen robotekin esku hartu ahal izango du San Frantziskoko (Kalifornia, Amerikako Estatu Batuak) poliziak. Konderriko ikuskatzaileen batzarrak aste honetan onartu du neurria: urrutitik kontrola daitezkeen robotak dira poliziak bere esku izango dituenak, eta lehergaiak dituzte; beraz, hiltzeko gai dira. Ustez "larrialdi-egoeretan" baino ezingo ditu erabili poliziak; esaterako, eskoletako tiroketetan, "eraso terroristetan" edo bonba bat dela-eta egon daitezkeen arrisku egoeretan.

Izatez, robot horiek autoritateen kontrolpean daude jada, baina oraintsu eguneratu eta zehaztu dute horien erabilera. San Frantziskoko poliziek duela hamabi urtetatik erosi dituzte robotak, eta gaur egun hamazazpi dituzte; horietatik hamabi daude erabiltzeko moduan. Gaur-gaurkoz, "polizien segurtasuna arriskuan" dagoenetan baliatzen omen dituzte; adibidez, "armatuta dauden kriminal biolentoen" atxiloketetan edo gailu lehergarriak tartean egon daitezkeenean.

F5A modeloa omen dago San Frantziskoko autoritateen jabetzen artean. Robot horrek 40 kilo altxatu ditzake, eskailerak igo ditzake eta bere kabuz altxatu daiteke buruz behera jartzen badute. AEBetako Armadan dute jatorria makina horiek, erabilera militarrerako izan baitziren hasieran; gerora igaro ziren teknologia horiek polizien eskuetara. Dallaseko polizia-indarrak izan ziren robotak erabiltzen lehenengoak, 2006an, frankotiratzaile bat hiltzeko baliatu baitzuten makina bat.

Neurri gehiago

Joan den irailean, polizia-indarren eskumenak eta gaitasunak handitzeko beste erabaki bat hartu zuen San Frantziskoko ikuskatzaileen batzarrak: Polizia Departamentuari baimena eman zion bideo-zaintza kamera pribatuetara konektatu ahal izateko, agindu judizialik gabe.

EZ DAGO IRUZKINIK