AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/13 15:18

Hilabete baino gutxiago gelditzen da San Fermin festetarako, eta, Iruñean (Nafarroa), Herri Sanferminak antolatu dituzte urte honetan ere. Dena den, antolatzaileek salatu dute oraingoan ere espazio publikoa erabili ahal izateko trabak jarri dizkiela Iruñeko Udalak (EH Bildu): ez du Baratxurien Plazan Herri Sanferminetako ekimenak egin ahal izateko baimenik eman, "osasunari" lotutako argudioengatik.

Hori dela-eta, aurreko urtean bezala, plaza bakarra izango da Herri Sanferminetarako: O Plaza. "Aurreko urtean, plazak jendez gainezka egin zuen; eta hori ospatzekoa da. Hori dela eta, egitarau zabal eta anitzagoa egiteko beharrak bultzatuta, bi plaza eskatu genizion udalari, O Plaza eta Baratxurien Plaza". Aurrez ere, bi plaza horiek erabili izan dira Herri Sanferminak ospatzeko, lau urtez hain zuzen ere. Baina udalak ezezkoa eman du, eta Herri Sanferminetarako toki bakarra baimendu du.

Horiek horrela, Baratxurien Plaza ukatu ondoren, antolatzaileek diote "alternatiba bat bilatzeko borondaterik ez" dutela ikusi udalaren partetik, eta "denbora luzatzen joan" dela, "herri-mugimenduak eta konkretuki auzolanean eta irabazi-asmorik gabe antolatzen diren jaiek erdigunean behar duten espazioa murriztuz". Beraz, hurrengo urteei begira, aterabide bat exijitu diote udalari, eta irailean biltzeko deia egin diote.

Dena den, aurtengo sanferminetarako egitaraua prest daukate jada, eta gaur bertan aurkeztuko dute O Plazan. 18:00etan izango da aurkezpena, eta horren ondoren Olinpiaden aurkezpena eta frogak nahiz pintxo-pote girotu bat egingo dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK