Hainbat emakume jazarri dituzte abortuak egiten dituen Gasteizko klinika baten aurrean

Asteazkenean klinika aurrean jarri ziren abortuaren aurkako talde katoliko bateko zenbait kide, kartelekin. Abortuaren aurkako kanpaina bat hasi dute Gasteizen.
Argazki Nagusia
Argazkia: Gasteiz Hoy
2021eko irailaren 24a

40 Dias Por La Vida talde katolikoko hainbat kide asteazkenean izan ziren Gasteizko (Araba) La Rioja kaleko klinika baten aurrean, hara zihoazen emakumeak jazartzeko eta abortuaren aurka protesta egiteko. Kartelak zituzten eskuetan; besteak beste, "Rezamos por ti y tu bebé" eta "Reza con nosotros" mezuak irakur zitezkeen.

Antza, abortuaren aurkako 40 eguneko kanpaina bat hasi dute Gasteizen, eta asteazkena zen aurreneko eguna. Talde horretako kideen asmoa da hainbatetan jotzea La Rioja kaleko klinikara.

AEBetan sortu zen 40 Dias Por La Vida taldea, 2004an. Abortatzeko eskubidearen aurkako kanpainak egiten dituzte hainbat herrialdetan, hala nola, "orazioen, baraualdien eta bijilien" bidez.

Jazarpen kasuak Donostian

Donostiako (Gipuzkoa) Askabide klinikaren aurrean ere ohikoak izan dira abortuaren aurkako talde baten protestak. Iazko urrian ekin zioten klinika aurrean elkarretaratzeari, egunero. Hainbat hilabetez luzatu zuten jazarpena.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik