Gutxienez bi eraso matxistaren berri eman dute azken egunetan, Baionan eta Mutiloan

Indarkeria matxistagatik atxilotu dute Baionako gizon bat eta, bestalde, Mutiloako taberna bateko komunean zerbitzari batek eginiko grabaketak aurkitu dituzte.
Argazki Nagusia
Baionan tiroketa izan zen lekua, Jean Darrigrand etorbidean.
2021eko uztailaren 30a

Azken egunetan gutxienez bi eraso matxistaren berri eman dute Euskal Herrian. Asteazkenean, hilaren 28an, Mutiloako (Nafarroa) taberna batean lan egiten duen zerbitzari bat ikertzen ari direla jakinarazi zuten: emakumeentzako komunean mikrokamerak jartzea eta grabaketak egitea egozten diote.

Gizona uztailean hasi zen grabaketa horiek egiten, bere telefono mugikorrarekin hasieran. Komunean bertan kamerak jarri zituen gero eta, beraz, intimitatearen aurkako delitu bat egiteagatik ari dira ikertzen.

Iruñerriko Itaiak salatu duenez, hilabete honetan ugariak izan dira Iruñerrian (Nafarroa) argitara atera diren eraso matxistak. Mutiloan gertatutakoari eraso gehiago gehitu behar zaizkio: besteak beste, aurreko astean bost gizon atxilotu zituzten familian tratu txarrak egiteagatik, eta beste gizon bat atzeman dute pisukideari eraso egiteagatik. Ondorioz, Nafarroako hiriburuan bi aldiz irten dira kalera Itaiako kideak hilabete honetan, uztailaren 9an zein 21ean.

Bestalde, astearte arratsean beste eraso matxista bat izan zen Baionan (Lapurdi). Dirudienez, liskarra izan zuen bikote batek, eta emakumearen garrasiak zirela-eta, auzokideek Poliziari hots egin zioten.

Polizia-agenteak bikotearen etxebizitzara iristean, autoz ihes egin zuen 33 urteko gizonak. Tiroketa batekin amaitu zen ihesaldia, eta erasotzailea zauritu zuen Poliziak. Ospitaleratu ondoren atxilotu eta ikerketa ireki dute gizonaren aurka, bikotekideari eraso egiteagatik nahiz ihes egitean polizia-agenteei autoz jotzeagatik.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik