Fagor enpresako Aritz Otxandianok aurreko astean salatu zuen bengala bidez eraso ziotela etxean, eta bai berak bai EH Bilduko hainbat ordezkarik baliatu dute gertaera, makroproiektu txikitzaileen aurka ari diren mugimenduak seinalatzeko. Hori dela-eta, argipenak emateko ohar bat argitaratu du Euskal Herria Bizirik plataformak. Azaldu du "harriduraz" irakurri zuela Otxandianori jazotakoa, baina salatu du "eraso hori makroberriztagarriei buruzko eztabaidarekin lotzen" saiatu direla: "Inolako frogarik izan ez arren, lotura hori ezarri nahi izan dute, intentzio osoz, Euskal Herrian lurraren defentsan eta industria horren neurrigabeko zabalpenaren aurka ari diren gizarte-mugimendu aktiboak kriminalizatzeko. [...] Zilegitasuna kendu nahi zaio eremu sozialetan gero eta adostasun handiagoa lortzen ari den planteamenduari".
Lurraren defentsan jarduten duten mugimenduen planteamendu horrek, hain zuzen ere, "makroproiektuen hedapena sustatzen duten legebiltzarreko alderdien diskurtsoari aurre egiten" diola gogorarazi du EH Bizirikek, "agerian utziz alderdi horiek ontzat ematen dutela makroinstalazioen gauzatzaile nagusiak energia alorreko transnazionalak izatea". Iritzi dio, "alderdi batzuen aldetik, gaur egun dagoen krisi ekosoziala onartzen duen diagnostikoa egin arren", ez dutela "bestelako aukerarik eskaintzen, krisia eragin duen eredu menperatzailetik kanpo". Uste du, beraz, "zaila" dela "alderdi horien proposamen praktikoak eta elite ekonomikoekin bat egiten dutenen argudioak desberdintzea", eta, horregatik, alderdi horiexek ez dutela atsegin "kontraesanezkoa" den posizio hori bistaratzea.
"Otxandiano jaunaren kasuan ere jarrera hori argi ikusten da", seinalatu du plataformak: "Enpresa korporatibo bateko arduraduna izanik, diskurtso ekosoziala darabil herritarrei sinestarazteko makroproiektuak zabaltzeko beharra daukagula, kontuan hartu gabe, ordea, horrek ondorio latz mordoa eragiten digula". Ondorioei erreferentzia egitean, eragin ekologikoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak eta politikoak izan ditu gogoan EH Bizirikek. "Nola defendatu daiteke diskurtso antikapitalista, itxura batean, desazkundearen aldekoa dena, eta aldi berean, beste jatorrizko energia iturriak dituen, baina azkenean, industria handiaren eta erregai fosilen eredu energetiko bera erreproduzitzen duen ikusmoldearen alde egitea?", galdegin du.
Bestalde, Otxandianoren eta bere gertukoen adierazpenetan "bigarren manipulazio bat" ere egon dela nabarmendu du plataformak: "Egoera aprobetxatzen du eskala guztietako berriztagarrien hedapena aldarrikatzeko, 'Trumpen kapitalismo fosilaren' aurrean. Badirudi oraindik ez dutela ulertu Euskal Herrian berriztagarrien hedapenaren aurka gaudenok, goraka doan eskuin muturraren premisen kontrako abiapuntuak ditugula. [...] Lurraldea defendatzeko eratutako mugimendu soziala erregai fosilak sustatzen dituen Trumpen kapitalismoarekin parekatzeak beste edozein aukera baztertzea dakar eta dikotomia faltsua bultzatzen du; horren arabera, makroberriztagarrien industriaren alde ez daudenak, negazionismo klimatikoaren eta petrolio enpresen interesen alde egon behar dira". EH Bizirikek argitu du, hala, ez duela "dikotomia hori onartzen".
"Errealitateari aurrez aurre begiratzera eta gaurko eredua eraldatzeko beharra umiltasunez onartzera bideratutako ekintzak egiten dituen mugimendu soziala manipulatzeari eta deslegitimatzeari utzi behar zaio", aldarrikatu du bere idatzian: "Hori da gure etengabeko salaketa, erresistentzia eta proposamena. Hori dela eta, industria-korporazioak ordezkatzen dituzten eragileen fokuan gaude, haien interesak diskurtso politiko-alderdikoiarekin lotzen baitira. Hor sortzen da irtenbidea bilatzeko eztabaida". Gaineratu du, bestalde, "gure jarduerarekin zerikusirik ez daukan gertaera batengatik kriminalizatzeko saiakerak gure bazterketa soziala lortzeko manipulazioa estali nahi" duela, eta hori bilatzen duten hainbat sektore "beraien argudioen indarra galtzen" ari direla "kontraesan antzuetan".
"Gu ez gara faxistak, hala deitzen badigute ere. Batzuk gure argudioak Trumpen diskurtsoarekin lotzen ahalegindu arren, garbi dago ez dela sinesgarria", adierazi du EH Bizirikek: "Indar kolektiboa mugiarazten dugu, planetaren muga biofisikoak kontuan hartzen ez dituen eredu sozioekonomikoa auzitan jartzeko. Gure ekimenak eztabaida soziala sortzea du helburu, agertoki eta elkarguneak eskainiz, behar dugun norabide aldaketa irudikatu ahal izateko".