AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Zarauzko kiroldegia atzo. Argazkia: ELA
2021/10/14 18:21

Zarauzko (Gipuzkoa) Aritzbatalde kiroldegian 20 behargin baino gehiagok egiten dute lan eta, atzo, urriaren 13an, hasi zuten greba. Gaur ere lanuztea egin dute eta dinamikari jarraipena emango diote datorren astelehenean zein asteartean. "Negoziaketa gorabeheratsuen" ostean ekin diote grebari.

Abenduan hasi zen negoziaketa prozesua eta, langileen arabera, "martxan jartzea asko kostatu" zitzaien, bai eta Zarauzko kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresaren aldetik "proposamen errealistak" lortzea ere. Negoziaketak "gorabeheratsuak" izan ziren hainbat hilabetez eta, testuinguru horretan, enpresak soldatak izoztea proposatu zuen. Hori izan da, hain zuzen ere, oraingo greben pizgarria.

Neurri berri hori proposatzea ez ezik, lanaldiak murriztu dizkiete langileei, eta zenbait langile kaleratu zituzten aurrekontuetan murrizketak izan direla argudiatuta. Gisa horretako esku-hartzeak atzera botatzeko bermerik ez dagoela azpimarratu dute.

20 langileetatik batek bakarrik du lanaldi osoa; hartara, ia behargin guztiek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Lanorduak are gehiago murriztuz gero, langileen egoera are "prekarioagoa" izango dela ohartarazi dute.

Ildo honetan, langileek nabarmendu dute "enpresak eta udalak hartutako erabakiak" eragina dutela gatazkan; antza, ez enpresak ez eta udalak ez dute egoerari aurre egiteko konponbide errealik proposatu.

Gogora ekarri dute Zarauzko kiroldegiko langileek 2017an egindako greba, orduan lortutako baldintzak defendatuko direla azpimarratu baitu ELA sindikatuak. Udalaren jarrera ere seinalatu du: "Ez dugu bermerik lortu, ez langileek beraien lanaldiak berreskuratzeko, ezta duela lau urte lortutako hitzarmenari jarraipen duin bat emateko ere".

EZ DAGO IRUZKINIK