AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Asuncion Klinikako langileen elkarretaratzea. ARGAZKIA / GEDAR
2023/05/09 19:02

Egun osoko grebaldiak abiatu dituzte Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion Klinikako langileek. Kasu honetan ere Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) araberako soldata-igoerarik gabe daude, eta ondorioz, bizibideen garestitzeak zuzenean kolpatu du beharginen erosahalmena.

Hori gutxi balitz, "langile falta" eta horren albo-kalteak azpimarratu dituzte: "Nahi genukeena baino zerbitzu kaxkarragoa ematen dugu", esan dio grebalari batek GEDAR LANGILE KAZETAri. Halaber, "zerbitzua hobetzeko neurriak" exijitu dizkiote klinikako zuzendaritzari. Eskakizun horiek osasun-zentroko buruei aurkeztu dizkieten arren, "negoziaketa blokeatuta" dagoela ondorioztatu dute. Erantzuna hilabete barru iristea espero da, baina bitartean ez dira geldirik egongo: "Borrokarik gabe ez dago irtenbiderik", dio grebalariak.

Atzo, maiatzaren 8an, izan zen egun osoko lehen lanuztea. Gaurkoan, bigarren greba egunean, klinikako atarian nahiz Tolosako udaletxe parean egin dituzte elkarretaratzeak. Arratsaldean auto karabana bat ere osatu dute. Zuzendaritzaren jarrera salatu dute bertan, lehengoak baino are baldintza okerragoak eskaintzen hasi baita.

Bestalde, zerbitzuaren zati bat kontzertatua izanda, kezkatuta daude. Hein handi batean, bat egin dute herrian osasungintza publikoaren alde egin den mobilizazioarekin, baina hainbat auzi argitzeke daudela gogorarazi dute. Zentzu horretan adierazi diote euren kezka Tolosaldeko Ataria-ri: "Ospitale publiko berriaren eskaria hor dago, baina bitartean zer? Eta behin ospitalea egiten denean zer gertatuko da gurekin? Langile asko erabiltzaile ere bagara, eta konturatzen gara zer zerbitzu daukagun Tolosaldean".

Mobilizazio agenda

Maiatzaren 17an, 18an eta 19an izango dituzte hurrengo greba egunak. 23an eta 22an berrartuko dituzte, eta dena ondo bidean, 29an, 30ean eta 31n izan daitezke azkenak. Greba egunetan elkarretaratzeak egingo dituzten klinika aurrean, eta hilaren 17an, 23an eta 29an udaletxe aurrean zein auto karabanatan mobilizatuko dira.

EZ DAGO IRUZKINIK