Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko langileek greba-deialdiari eustea erabaki dute, eta gaur ekin diote lanuzte mugagabeari, aurreikusitakoa baino egun bat beranduago. Puntako orduetan %60koak izango dira zerbitzu minimoak eta gainerakoan %40koak (sanferminetarako, %70ekoak inposatu nahi ditu mankomunitateak), baina gaurko zerbitzua ohi baino beranduago hasi da, piketeen eraginez.
Berez, atzo hastekoa zen greba, baina ordu batzuk lehenago egin zuen lan-itunerako azken eskaintza bat TCC Moventis enpresak (hura arduratzen da autobus-zerbitzua emateaz), lanuztea galarazteko asmoz. Hala ere, proposamen hura gaur erreferendum batean bozkatzea ebatzi zuen azkenean langile-batzordearen gehiengoak, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek inposatuta.
Hiri-Garraioko Langileen Elkarteak (ATTU) salatu duenez, UGTko ordezkari guztiek hasieratik babestu zuten enpresaren eskaintza aintzat hartzea eta greba-deialdia etetea; CCOOko ordezkarien erdiak jarrera bera babestu zuen, eta LABek azken unean ahalbidetu zien gehiengoa izatea, bere bi ordezkarietatik batek bozkatu zuenean greba-deialdia moztu eta enpresaren eskaintza kontuan hartzearen alde.
Hiru sindikatu horiek plantilla erreferendum batera deitu izanaren ondorioz, lanuztea ez zen atzo hasi. Beharginek salatu dutenez, baina, orain arte atzera botatakoen ia berdina zen enpresak egindako azken eskaintza. Hala, gaur bozketa egitean, enpresa-zuzendaritzaren proposamenari ezetz esan dio plantillaren gehiengoak (%64), eta greba mugagabearen alde egin du. Hortaz, azkenean, gaur jo dute grebara.
Mobilizazioak otsailetik
Villavesetako langileek otsailetik daramate mobilizatzen, "hitzarmen duin" bat aldarrikatzeko. 500 langile inguru dira. Soldatak KPIaren arabera igotzea, bajak %100ean betetzeko bermeak izatea, lanaldiak murriztea, txanda-sistema hobetzea eta atsedenaldiak zehaztea eskatzen dute, besteak beste.