Ugaon (Bizkaia) kaleen garbiketan eta lorezaintzan jarduten duten bederatzi beharginek maiatzaren 26an ekin zioten greba mugagabeari, lan-hitzarmena hobetzeko borrokan. Hainbat hilabetez ituna negoziatzen aritu ostean eta ikusirik ez zirela euren eskaerak kontuan hartzen, lanuzte mugagabera jotzea erabaki zuen plantillak, eta horretan segitzen du.
Ugaoko Udalak (EAJ) Garbialdi enpresa dauka azpikontratatuta garbiketaz eta lorezaintzaz arduratzeko, eta konpainia horrentzat aritzen dira soldatapean bederatzi langileak. Hego Uribeko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) atzo azaldu zuenez, baina, "greba hasi zenetik, enpresak eta udalak beste aldera begiratu dute".
Azpikontratatutako langileen miseriazko baldintzak
Salatu dute, besteak beste, langileen soldatek urteak daramatzatela izozturik, kontratuak ezegonkorrak direla eta ez direla betetzen hutsik geratzen diren lanpostuak. Eta gaineratu dute horiexek direla, hain justu, azpikontratatutako hamaika enpresatako langileek jasan behar dituzten baldintzak; Gasteizko (Araba) Enviserreko lorezainek, Basauriko (Bizkaia) eraikinetako garbitzaileek eta Laudioko (Araba) eta Galdakaoko (Bizkaia) hondakin-bilketako beharginek kasu.
Manifestazioa gaur
"Klase-batasuna ezinbestekoa da lan-prekaritatea errentagarritasun pribatuko iturri bihurtzen duen eredu honi aurre egiteko", aldarrikatu du LASek. Horiek horrela, Garbialdiko grebalariek gaur arratsalderako antolatu duten manifestaziora batzera deitu dute: eguerdiko 12:00etan izango da, Ugaoko Plazan.