AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2022/05/31 19:37

Galdamesko (Bizkaia) Vicinay Mooring Connectors enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, maiatzaren 31n, zuzendaritzak ez baitu agindutako akordioa bete. Beharginek salatu dutenez, 2021eko Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) igoerarekin batera egin behar zuten gora euren soldatek, baina enpresako zuzendaritzak itun hori hautsi zuen. 

Langileek aldizkako zazpi greba egun egin dituzte maiatzean zehar, baina zuzendaritzaren jarrera ez da aldatu. Antza, enpresak ez du asmorik lantokiko 30 langileei zor dien soldata igoera ordaintzeko eta, gainera, datozen bi urteetan KPIaren araberako igoera bat izatea ere ez du bermatzen. Egoerari aurre egiteko greba mugagabera deitu dute langileek eta, sindikatuen arabera, "plantilla produktibo osoak parte hartu du deialdian". 

Bestalde, 35 langilek egiten dute lan Falcesko (Nafarroa) Silenciosos Falces enpresan, eta apirilaren 18an hartu zuen zuzendaritzak enpresa kitatzeko erabakia. Lehen Volkswagen hornitzen zuen ihes-hodien piezak ekoizteko fabrikak, Faurecia enpresaren bitartez. 

Azken horrek, ordea, kontratua desegitea erabaki du eta, horrela, fakturazioaren %85 galdu du Falcesko lantokiak. Enplegu-erregulazioko espediente (EEE) bat aurkeztuko du zuzendaritzak datozen asteetan, eta dirudienez, langile guztiak kaleratuko ditu. Haiek, baina, greba mugagabera joko dute.

Kaleratze arriskuan daude Nafarroako beste 70 langile

Nafarroan, gutxienez, beste 70 langile daude kaleratze arriskuan, enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatuko baitiete Azkoiengo (Nafarroa) zein Berriobeitiko (Nafarroa) Dynamobel enpresako langileei ere. Hori ez ezik, soldaten %10-15 inguruko jaitsiera iragarri dute hainbat lanpostutan.

EZ DAGO IRUZKINIK