Gose eta komunikazio greba mugagabearekin aurrera jarraitzen du Iñaki Bilbao preso politikoak

Azaroaren 2an hasi zuen gose eta egarri greba Iñaki Bilbao 'Txikito' preso politikoak. Astelehenean ospitaleratu eta gero, herenegun eraman zuten berriro Puerto III-ko erizaindegira. Egarri greba alde batera uztea baina gose eta komunikazio greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuen atzo Bilbaok.
Argazki Nagusia
2020ko azaroaren 13a

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakitera eman duenez, Iñaki Bilbao preso politikoak atzo jakinarazi zien bere gertukoei aurrera jarraituko duela gose eta komunikazio greba mugagabearekin. Bertan behera utzi du, ordea, egarri greba. Hortaz, gaur hamaikagarren eguna egingo du gose greban (azaroaren 2an ekin zion  borrokaldi berriari), eta horren aurretik, gainera, 50 egunetik gora egin zituen gose eta komunikazio greban.

Astelehenean ospitaleratu zuten Txikito Puertoko erietxean, eta herenegun eraman zuten Puerto III-ko erizaindegira. AAEAMen arabera, gainontzeko preso politikoen elkartzea izan zen kartzelazainek "eskaini zioten lehenengo gauza", "bere ekimen eta borrokaren edukia ukatuz eta berau desaktibatzeko asmoarekin".

AAEAMek dei egin du jada abiatu diren elkartasun ekimenetan "parte hartzera eta bestelakoak egitera".