AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gorka Fraile preso politikoa. Argazkia: Ahotsa
2019/05/28 23:34

21 urte daramatza gatibu Gorka Fraile durangarrak, eta preso gaixo larrien zerrenda osatzen duten 20 presoetako bat da. Zigorraren hiru laurdenak beteta, Duesoko (Kantabria) espetxera lekualdatu zuten 2018an, eta hor dute atxilo gaur egun.

2017an, Badajozko kartzelan zela, Euskal Herrira gerturatzeko eskaria egin zuen Frailek, familiarengandik hurbilago egon ahal izateko. Durangoko etxetik 700 kilometrora zegoela azaldu zuen presoak, eta Badajozen egon zen denboran senideek ezin izan ziotela bisita bat bera ere egin. Auzitegi baterako sarbidea izatea ere galdegin zuen durangarrak.

Estrasburgoren babesa Espainiako estatuko auzitegien ebazpenei

Dena den, Euskal Herrira hurbiltzeko eskaria ukatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta aurretik, Espainiako estatuko beste bi auzitegik. Frailek helegitea aurkeztu zuen, gerturatzea zein auzitegirako sarbidea galdegiteko, baina orain, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat eman du Espainiako estatuko auzitegien erabakia, presoa urrunduta mantentzeak ez dituela bere "oinarrizko eskubideak" urratzen argudiatuta. Hala, "familia bizitzarako eskubidea bermatuta" duela adierazi du Estrasburgok. Gainera, ez du Fraileren helegitea tramiterako onartu.

Estrasburgoren ebazpenaren arabera, preso politikoak etxetik urrun eta sakabanatuta mantentzeak badu helburu bat; "ingurune terroristarekin" izan dezaketen harremana etetea, hain zuzen. Bestalde, Frailek ez diola ETA erakundeari uko egin adierazi du, eta bera urruntzeko erabakia hartu zutenean, erakundea ez zegoela deseginda.