AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/22 17:35

Herenegun, hilak 20, Goierriko (Gipuzkoa) hainbat ikaslek bi eskaera egin zizkioten Txindoki ikastetxeko zuzendaritzari, ohar bidez. Horretaz gain, Ikasle Abertzaleakek martxan jarritako dinamikara atxikitu dira hezkuntza esparruko eragileak; hala nola, Goierriko IA, Goierriko Ikasle Autodefentsa Sarea eta Txindoki Morea emakume taldea.

Salbuespen egoerak sorturiko testuinguruari dagokionean, "aurretik zetorren krisi ekonomikoaren sakontzeari" eta "langile klaseko kideon bizi baldintzen okertzeari" egin diote azpimarra. Hori horrela, ikasleak ere ikasturtea aurrera ateratzeko "baldintza gordinetan" dabiltzala seinalatu dute.

ESKAKIZUNAK

Txindokiko zuzendaritzari zuzendu dioten oharrean, bi eskaera nagusi aurkeztu dituzte:

  1. Funtsezkoak diren edukiak soilik ematera mugatzea, beharrezko azalpen, baliabide teoriko eta zuzenketekin. Batxilergoko lehen mailari dagokionez, eduki osoaren murrizketa eskatu dute, eta bigarren mailari dagokionez, aldiz, selektibitatean sartzen den edukia bakarrik lantzea.
  2. Ebaluazio mekanismoen gaineko informazioa, eta horiek zehazterako orduan "ikasleen interesak kontuan hartzea".

URRATS IRMOAK

Dinamika politikoaren baitan, eskualdeko gainontzeko ikastetxeetako baldintzetara egokituko diren borrokei eusteko prestutasuna azaldu dute Txindoki Moreak, GASek eta IAk. "Ikasle langileen alde hobekuntzak lortzeko posizioa" berretsi dute, eta horretarako, "eskura dituzten baliabide guztiak" eskainiko dizkiete ikasleei.

Dei egin diote ikasleriari "indarrak batzera" eta "urgentziari erantzutera". Euren beharrak asetzeko bide bakarra "ezagutza eta gaitasunak antolatzea" dela baieztatu dute, gainera.