AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/23 10:52

Negu betean gaude, eta hamaika etxetan jarraitzen dute bere horretan eguneroko gastuei aurre egiteko zailtasunek. Madrina Fundazioaren arabera, "gosearen ilarak" areagotu dira Espainiako Estatuan, eta, une honetan, pandemia garaian erregistratu zen eskari bereziki altutik gertu dago oinarrizko elikagaien eta produktuen eskaria. Nabarmendu du larriagotzen ari direla haurdun dauden emakumeen desnutrizio kasuak, eta horrek zuzenean eragiten diela gerora jaiotzen diren umeei. Handitzen ari da, gainera, haurrentzako elikagaien eta oinarrizko produktuen eskaria; hala nola, esnea, zerealak, potoak eta pixoihalak.

Espainiako Estatuan elikagaiak inoiz baino garestiago daude gaur egun. Maximo historikoetan jarraitzen dute elikagaien prezioek; urtebetean %15 baino gehiago garestitu dira.

Madrina Fundazioak azaldu du deigarria dela jatorri kolonbiarreko, perutarreko eta ukrainarreko familien kopurua oinarrizko produktuen bankuetako eskatzaileen artean.

Butanoa nagusi

"Pobrezia energetikoak" ere okerrera egin du, fundazio horren esanetan. Hamaika omen dira energiari lotutako gastuak ordaindu ezinik dauden familiak, eta horregatik, negu honetan igo egin omen da gasezko berogailuen, manten eta kandelen eskaria oinarrizko produktuen bankuetan. Modu horretan ekidin nahi dute familiek argindarra erabiltzea. Hori, gainera, tenperaturak muturrera irits daitezkeen sasoi batean ari da gertatzen.

Antza, butano gasaren erabilera ari da nagusitzen zailtasun ekonomiko handienak dituzten familien etxeetan. Hala ere, azken sei urteetan %73 inguru garestitu da butano gasa, eta badirudi gora egiten jarraituko dutela prezioek.

Erroldatzeen merkatua

Madrina Fundazioak, bestalde, azpimarratu du garestitu egin direla etxebizitzen alokairuak, eta etxebizitzen jabeek gogortu egin dituztela maizterren ordainketak bermatzeko exijentziak. "Erroldatzeen merkatu beltzak" are pisu handiagoa hartu duela ere ohartarazi dute; 300 eurora hel daiteke etxebizitzen jabeek haien jabetzetan erroldatzen uztearen truke eskatzen duten zenbatekoa.

EZ DAGO IRUZKINIK