Gaztetxeen ‘potentzialitate politikoaren’ aurkako erasoen salaketa, Maravillasen desalojoaren auziko epaituen lehen deklarazioaren atarian

Iruñerriko Gaztetxeek, sare sozialetan publiko egin duten komunikatu batean, bertako gune autogestionatuek instituzio ezberdinetatik juridikoki zein ekonomikoki pairatu dituzten erasoak salatu dituzte. Erasoen helburua, langileriaren mesedetan artikulatutako proiektu edo tendentzia politiko oro deuseztea dela azpimarratu dute.
Argazki Nagusia
2019ko martxoaren 11a

Maravillas Gaztetxearen desalojotik bi hilabete betetzear diren honetan, gaur, hilak 11, hasi da “Maravillas Gaztetxearen aldeko eta desalojoaren aurkako indar” izan ziren kideen aurkako epaiketa. Epaiketaren atarian, Iruñerriko Gaztetxeak-ek komunikatu bat hedatu du, prozesuaren nondik norakoak agertzeaz gain, instituzio ezberdinetatik Iruñerriko proiektu autogestionatuek jaso duten jazarpenaren izaera politikoa seinalatu dute. Euren hitzetan, jasaniko errepresio formak ezberdinak izanagatik, arrazoi berdina partekatzen dute batzuek zein besteek: antolaturiko langileriaren “desartikulazio politikoa”. Horregatik, “gaztetxeen izaeran eta jardunean”, kanporatua izateko aukera uneoro dagoela presente adierazi dute. Horren aurrean, autodefentsarako deia egin dute, gaztetxeen “biziraupen eta garapen politikoa” indartu behar dela aldarrikatuz.

Iruñerriko gaztetxeek argi azaldu nahi izan dute, azken aldian jasaten ari diren oldarraldi errepresiboaren funtsa zein den. Euren hitzetan proiektu autogestionatuak, “ezinbestean sartzen dira talkan ordena soziala mantentzea helburu duten instituzioekin” eta beraz, guztiak ere, antolaturiko langileriaren “desartikulazio politikoa” helburu duten erasoak dira. Zentzu horretan, instituzio politiko publikoen jardunari ez ezik, euren izaerari ere kritika egin diote, eta errepresio forma ezberdinen artean dagoen elkarreragina aditzera eman. Izan ere, Maravillas Gaztetxearen desalojoaren baitan gaur hasitako epaiketaz haratago, udal ordenantza berriek izan duten eta izango duten aplikazioaz ohartarazi dute komunikatuan.

Eraso mota ezberdinen arteko lotura politikoa eta erasoen izaera selektiboa, agerian

Ez da hor amaitu kritikaren edukia. Desalojoaren inguruan hasitako hausnarketa, Iruñeko Udalak adostutako Udal Ordenantza berriekin lotu baitute, funtzio bera duten bi adierazpide errepresibo direla ikustaraziz: bere beharren arabera antolaturiko langileria kolpatzea. Desalojoak gauzatzeari dagokionean, instituzioek bilatzen dutena gune autogestionatuen “potentzialitate politikoa” deuseztea dela aditzera eman dute, eta helburu honi jarraiki gauzatzen dituztela kaleratzeak. Izan ere, bizi den krisi egoeran, proiektu autogestionatuekin amaitzeko eraikin okupatuetan gauzatzeko mota ezberdinetako proiektuak aurkezten dituzte, erasoaren izaera ezkutatu nahian. Baina aurkezturiko proiektuak gauzatzeko ezintasunak daudela aditzera eman dute.

Hari horri jarraiki, eta desalojoek berehalako emaitzak ematen ez dituzten kasuetan, instituzioek “askotariko mekanismoak” martxan jartzen dituztela azaleratu dute, eta hor kokatu dute udalak onarturiko azken ordenantza, gaztetxeei ekimen publikoak egitea eragozten diena. Adibide gisa, berau exekutatuz Errotxapeako Gaztetxea CSOAren aurka eginiko erasoak zerrendatu dituzte. Honez gain, eta bitarteko juridiko honen izaera selektiboa bistarazteko, alderaketa esanguratsu bat egin dute: Maravillasen aldeko bertso-afari bat debekatzeko ordenantza baliatu izana, eta Martxoaren 8ko ekimenean, berriz, esku hartu ez izana.

Maravillasen desalojoaren prozedura, martxan

Esan bezala, komunikatuan aditzera eman dutena ez da soilik Maravillasen desalojoaren baitan dagoen prozedura juridikoaren nondik norakoa, komunikatua horretarako ere baliatu duten arren. Zehazki, gaur hasi diren deklarazioek Martxoaren 13 eta 14an jarraituko dutela , kasuan 35 auziperatu daudela eta hauetariko bat kartzelaratua izateko arriskuan aurkitzen dela, eta guztira 110.000 euroko isunak jasotzeko arriskua dutela jakinarazi dute. Honen aurrean “deklaratuko dutenei elkartasuna” adierazi nahi izan diete.

Komunikatuarekin amaitzeko, “erasoak zuzenki konfrontatzeko” deia egin dute, eta horien aurkako borroka abiatuko dutela adierazi.