Kaletik Gaztetxera asanbladak joan den larunbatean ospatu zuen Gazte Eguna Durangon (Bizkaia), eta, arratsalde horretarako, Gaztetxe berriaren aldeko mobilizazio bat antolatu zuen. Hala, ehunka lagunek hartu zituzten herriko kaleak arratsaldeko 18:00etan, Gaztetxetik bertatik Gaztetxeak aurrera! lelopean irtendako manifestazioan.
Mobilizazioaren amaieran egindako adierazpenetan, Kaletik Gaztetxera asanbladak nabarmendu zuen Gaztetxe berrian segitzen duela, izan duen harrera eta egindako borroka direla-eta. Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe (EAJ) eraikinaren jabeei presioa egiten ari da salaketa jarri dezaten, eta gazteak espaziotik botatzen saiatu da, polizia-indarren bitartez. "Baina, gazteon erantzunari esker, Gaztetxeari eustea lortu dugu. Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik Gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu dute.
Aurreko asteartean eman zuten espazioaren irekieraren berri, eta argitu zuten zenbait helbururekin ireki dutela Gaztetxe berria: "irabazi kapitalistek ardaztuko ez duten aisialdi eredua sustatzeko", "denontzat eskuragarriak izango diren arte eta kirol eskaintzak egiteko", eta "gazteon politizaziorako zein antolakuntza politikoa sustatzeko" espazio gisa.
Epaiketa azkarra etzi
Hainbat jabe ditu Montorreta kalean kokatutako eraikinak, eta asanbladak salatu du jabeetako batzuek "elkarrizketari ateak itxi" dizkiotela: "Eraikinetik bota nahi gaituzte". Horiek horrela, asteazken honetan izango da Gaztetxearen birjabetzeari lotutako epaiketa azkar bat, eta Kaletik Gaztetxera asanbladako kide batek deklaratu beharko du bertan. Gazteek gogorarazi dute, dena den, "elkarrizketarako borondate osoa" izaten jarraitzen dutela, Gaztetxearen defentsan.
Azken egunetan ere "Poliziak izandako jarrera" salatu dute, "izan munipa zein zipaio, hori baita beraien funtzioa: jabetza pribatua indarrez defendatzea eta horren aurka antolatzen dena txikitzea". Kasu honetan, Polizia nahita ari da atzeratzen Gaztetxearen aurkako "salaketaren inguruko informazioa aurkezteko prozedura", asanbladako kideak bere deklarazioa prestatzea zailduz eta, horrekin, Gaztetxearen defentsa oztopatuz.