AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Moncloa
2025/04/28 12:24

Stockholmeko Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuaren (SIPRI) arabera, gastu militar globala 2,7 bilioi dolarrekoa izan zen 2024an, hau da, 2023an baino %9,4 handiagoa. Hazkunde hori azken aldiko historiako hazkunderik handiena izan da, hiru urtean ia %20 igo baita gerrarako inbertsioa.

Testuinguru horretan, Espainiako Estatuak ere joera horrekin bat egiten du, inbertsio militarrak handituz. Pedro Sanchez buru duen gobernuak 2025erako 33.123 milioi euroko gastua egingo duela kalkulatu badu ere, Bakearen Aldeko Ikerketen Centre Delàs zentroak azaldu du gastu erreala 40.457 milioira iritsiko dela aurten, alegia, BPGaren %2,48ra, gobernuak aitortutakoa baino ia puntu erdi gehiago.

Espainiako Gobernuak 2025erako 10.471 milioi euro bideratzea onartu du, gastu militarra BPGaren %2ra igotzeko helburua lortzeko. Hala ere, Centre Delàsek nabarmendu du igoera horren zati bat armamentu-programetara (PEM) bideratzen dela, "defentsarako eta disuasiorako tresnak" edo "lan-baldintzak, prestakuntza eta ekipamendua" kategorien atzean ezkutatuta.

Proiektu aipagarrienen artean, Israelgo Estatuko enpresei egindako armamentu-erosketak daude, hala nola gerra-hegazkinetarako laser izendatzailea den PODa eta Irrati Taktikoaren Sistema Bateratua, Elbit Systems ere barne hartzen duena. Pere Ortega Centre Delàseko ikertzailearen hitzetan, gainera, "tamaina horretako gastu militar batek, osasuna, hezkuntza edo klima-aldaketaren aurkako borroka bezalako funtsezko sektoreetan inbertitzeari uzteaz gain, beste ministerio batzuetan ere murrizketak egotea ekarriko duela aurreikusten da".

Bestalde, SIPRIk erakutsi du AEBetako gastu militarra, munduko rankingaren buruan jarraitzen duena 997.000 milioi dolarrekin, %5,7 hazi dela. Europar Batasunean ere hazkunde esanguratsuak izan ditu inbertsioak, %24ko igoerarekin Mendebaldeko Europan, Alemania bezalako herrialdeek bultzatuta. Bere gastua %28 igo da. Jordi Calvo Centre Delàseko koordinatzaileak dio "potentzia nagusien militarizazioaren aldeko apustuak eta nazioarteko ziurgabetasun politikoak gatazka armatuetan bakea lortzeko aukerak urruntzen" dituztela.

EZ DAGO IRUZKINIK