NATOko Defentsa ministroak gaur elkartu dira Bruselan, eta Amerikako Estatu Batuek herrialde aliatu guztiek gastu militarra BPGaren %5era igotzeko egindako presioak markatzen du bilera hori. Gaur-gaurkoz zehaztutako helburua bikoizten du AEBek proposatutako jomuga berriak, eta Donald Trumpek konpromiso bihurtu nahi du Hagako hurrengo goi-bileran, Reuters-ek eta Al Jazeera-k nabarmendu dutenez.
Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak defendatu duenez, "herrialde bakoitzak laguntza eman behar du", eta Aliantza Atlantikoa ezin da "AEBen gaitasunen menpe soilik egon". Bestalde, Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak "bitarteko" konpromiso bat proposatu du: gastu militar hutsa BPGaren %3,5era igotzea eta %1,5 gehiago "zabaldutako segurtasunera" bideratzea, Reuters eta The Defense Post egunkariek azaldu bezala.
Egunaren hasieran, gaitasun militarrei buruzko helburu berriak onartu dituzte ministroek, aireko defentsa-sistemak, irismen luzeko misilak eta logistika indartzeko sistemak erostea barne, NATOk Gerra Hotzaz geroztik izan duen modernizazio-planik handienean, AP agentziaren arabera.
Hala ere, badirudi aliatuen artean desadostasunak daudela bide-orriaren egutegiari eta lortu beharreko portzentaje zehatzei buruz: Lituania eta Suedia, esaterako, 2032a baino lehen BPGaren %5 lortzearen alde daude, eta, beste batzuen artean, Espainiako Estatuaren iritziz, helmuga hori "gehiegizkoa" eta "nekez onartzeko modukoa" da egungo testuinguru ekonomiko eta politikoan, Al Jazeera-ren esanetan.
Gastu-helburu berriei buruzko azken akordioa Hagan ekainaren 24an eta 25ean izango den goi-bilerara bitartean negoziatuko dute, eta, bertan, behin betiko ibilbide-orria finkatzea espero da. Reuters-ek eta The Defense Post-ek aipatutako diplomazialarien hitzetan, "Washingtonen eskaeren eta Europako herrialdeen aurrekontuen gaitasunen artean oreka errealista aurkitzea izango da" gakoa, Ukrainako gerrak Aliantzako kideen artean alarmismo belizista piztu duen une honetan.