AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/12 15:57

Gasteizko (Araba) Kontseilu Sozialistako eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareko kideek abendu bukaeran jakinarazi zuten finkatuta zegoela Gasteizko Zentro Sozialista husteko eguna: urtarrilaren 13a. Laboral Kutxak martxan jarritako desalojo prozesua gaur gauzatu da, beraz.

Polizia-indarrak goizetik joan dira Monseñor Estenaga kalera, eta polizia-lerroa osatuta, 13:15ak baino lehen hasi dituzte Zentro Sozialista husteko lanak, hainbat langilek lagunduta. Drone bat ere eraman dute poliziek.

Jende ugari bertaratu da Monseñor Estenaga ingurura, desalojoaren aurka protesta egitera. "Zentro Sozialista aurrera", "Espazioen gaineko langile kontrola", "Caja Laboral sutara" nahiz "Erasoen aurrean, klase elkartasuna" oihuak entzun dira protestetan. Ertzaintza gogor oldartu da haien kontra, eta karga batean, hogei lagundik gora zauritu ditu. Besteak beste, ertzainek burua ireki diote pertsona bati, eta eskua hautsi diote beste bati. Ospitalera joan behar izan dira hainbat, eta gerora jakinarazi dutenez, hara joan dira ertzainak beranduago, zaurituak identifikatzera.

15:00ak aldera eman dute bukatutzat protesta Zentro Sozialistaren ondoan. Gasteizko Kontseilu Sozialistako eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareko kideek, dena den, protestara deitu dute arratsalderako ere. Kontzentrazio bat antolatu dute 18:30erako, Andra Mari Zuriaren plazan.

Poliziaren presentzia itogarria salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta azaldu dute atzotik izan direla zentro inguruan kalez jantzitako polizia-agenteak.

Kargak goizean ere

Goizean goiz hasi dira Zentro Sozialistaren hustea salatzeko protestak. Salaketa modura, Eduardo Dato kaleko Laboral Kutxaren egoitzan kateatu da pertsona bat, eta hainbat lagun bertaratu dira hari babesa ematera. Orduan ere gogor jo du haien aurka Ertzaintzak: polizia-agente ugari bertaratu dira eta polizia-lerroa osatu dute, eta pixkanaka, jendea Laboral Kutxatik urruntzen jardun dute, indarrez.

Ertzainek hainbatetan kargatu dute protestan ari zirenen kontra, eta zenbait pertsona atzeman dituzte. Guztiak identifikatu dituzte.

Suhiltzaileek 11:00ak aldera jaitsi eta bota dute Laboral Kutxaren egoitzan lotuta zegoen pertsona, eta poliziek atxilo eraman dute.

Zentro Sozialisten garrantzia

Gasteizko Kontseilu Sozialistak iazko maiatzaren 29an aurkeztu zuen Arabako hiriburuko Zentro Sozialista. "Gaur garaitu egin gaituzte, baina Zentro Sozialisten beharra agerikoa da eta, horregatik, antolatzen jarraituko dugu", esan dute gaurkoan Kontseilu Sozialistako kideek.

Gaurko egunaren jarraipen berezia egin du GEDAR LANGILE KAZETAk Twitterren bidez. Ikusi hemen jarraipena

EZ DAGO IRUZKINIK