AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/18 09:55

Gizonezko bat atxilo eraman dute Gasteizen (Araba), ama jotzeagatik, etxeko indarkeria delitua leporatuta. Iragan astelehenean, martxoak 16, Arabako hiriburuko osasun zentro batean egin zion eraso adineko emakumeari. Antza, erasotzailea bere bila joan zen zentrora, eta orduan jo zuen.

EITB-ren arabera, gizona "arazoak" sortzen ari zelako jaso zuen abixua Gasteizko Udaltzaingoak, eta osasun zentrora bertaratu ziren. Gero medikuarekin izan zen emakumea, eta adierazi zion sarri jotzen duela semeak, eta hortaz, astelehenekoa ez zela eraso bakarra izan.

Aurreko astelehenean bertan jakinarazi zutenez, Sorazulen (Gipuzkoa) 74 urteko emakume bat erail zuen haren semeak. Gorpua topatu zutenean, kolpe bat zuen aurpegian.