AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ESK
2025/06/24 10:25

Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek, udalak azpikontratatutako Enviser enpresarentzat jarduten dutenak, berdez margotu zituzten atzo hiriko zenbait urmael eta iturri, produktu kaltegabe batekin; besteak beste Simon Bolivarrekoa, Konstituzio Plazakoa, Arriaga parkekoa eta Floridakoa. Izan ere, greban daude beharginak, baina urratua izan da haien grebarako eskubidea, eta hura aldarrikatu nahi izan dute protesta-ekintzaren bidez. Zerbitzu minimoak inposatuta, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi behartu ditu grebalari batzuk lanera itzultzera, PSE-EEren udalak eskatuta.

Ohar baten bidez, langileek adierazi dute marra gorriak dituztela: "Ez gara geratuko, nahiz eta batzuk eta besteak gu higatzen saiatu; soldata baxuak dituzten azpikontratazio-politika hauekin hausteko prest gaude".

Enviserreko grebalariek azaldu dutenez, ezarritako gutxieneko zerbitzuen bidez, agintarientzat gogaikarria den greba bat suntsitzen saiatzen ari dira: "Euren pribatizazio-politikak agerian uzten ari gara, lan prekaritatean oinarrituta daudenak eta diru publikoa paradisu fiskaletara eramaten duten multinazional handien alde egiten dutenak". Gainera, salatu dute "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen eta mantentzen dugunon lan-prekaritatea ezkutatzen" dela.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziaren aurka ere egin dute protesta, seinalatu baitute ez duela aitortzen patronalaren rola betetzen duenik. "Grebarako eskubidearen aurkako erasoak inposatzea" leporatu diote, irtenbide negoziatuak bilatu beharrean. Langileek, bestalde, jasotako babesa eskertu dute, eta elkartasuna adierazi diete greban egonik lan egitera behartu dituzten lankideei.

EZ DAGO IRUZKINIK