Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak elkartasun jaialdi bat antolatu du ostiral honetarako

Etxegabetze bati aurre egiteagatik, 30.000 euro arteko isunak jar diezazkiete Etxebizitza Sindikatuko kideei. 'Klase elkartasuna' lelopean 60 egunez diru bilketa kanpaina bat martxan izan ostean, elkartasun jaialdi bat egingo dute ostiralean Gasteizko Armentia Ikastolan.
Argazki Nagusia
Etxebizitza Sindikatuak ikasturteko azkeneko asanblada egin zuen aurreko igandean, Gasteizko Zentro Sozialista berrian.
2021eko uztailaren 6a

Urtarrilerako zegoen finkatuta Gasteizko (Araba) Los Herran kaleko etxebizitza bloke baten hustea eta, horren eskutik, han bizi ziren hamabost pertsonen etxe kaleratzea. Etxebizitza Sindikatutik ahaleginak egin zituzten etxegabetze horri aurre egiteko eta gelditzeko, baina polizia-indarrek urtarrilaren 26an bertan kaleratu zituzten bizilagun guztiak Los Herran kaleko 15. ataritik, baita haiei babesa ematera bertaratu ziren pertsona guztiak ere.

Poliziaren esku-hartze bortitzak, guztira, protestara batu zirenen aurkako 30.000 euro arteko isunak utzi zituen; hiru lagun epaitu zituzten gainera, eta Atzerritartasun Zerbitzuaren bulegora eraman zuten beste kide bat.

Isun horiei aurre egiteko, 60 eguneko diru bilketa kanpaina bat abiatu zuen Etxebizitza Sindikatuak, Klase elkartasuna izenpean. Kanpaina horren barruan, crowdfunding plataforma bat jarri zuen martxan eta, Erraki Langileon Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearekin batera, zozketa bat ere antolatu zuen.

Oraingoan, elkartasun jaialdi bat prestatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Ostiral honetan, uztailaren 9an, izango da jaialdia, Gasteizko Armentia Ikastolan. Bazkari bat egingo dute han, eta kontzertuak ere egongo dira.

Jaialdira bertaratzeko asmoa dutenek izena eman behar dute aurrez, etxebizitzajaialdia@protonmail helbide elektronikora mezu bat bidalita.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik